Gaur egungo gizontasun ereduen inguruko "gogoeta sakona" bultzatu nahian, gizontasunaren inguruko tailerra antolatu du Zumaiako Udaleko Berdintasun Sailak. Horrekin batera, "norberak gizontasun eredu nagusiaren inguruan eraiki duen identitateaz" ere jardungo dute. Tailerra bost saioz osatuko da eta Hiruki Larroxa kolektiboko Ibai Fresnedok gidatuko ditu.
Saio hauetan aztertuko dituzten gaien artean Indarkeria matxista eta sexu indarkeria, pribilegioak eta botere harremanak, sexualitatea eta desira, zaintza, gurasotasuna, eta gizontasun eredu askatzaileak izango dira. Horiez gain, diskurtso feministak eta emozioen kudeaketa aztertuko dituztela ere azaldu dute antolatzaileek.
Tailerra doakoa izango da eta Zumaiako gizon guztiak daude gonbidatuta. Izen ematea dagoeneko zabalik dago. Interesdunek berdintasuna@zumaia.eus helbidera idatzi beharko dute urriaren 4a baino lehen.