Atzo gizonezkoek egin bezala, gaur arratsaldean emakumezko arraunlariak aritu dira nor baino nor Kontxako Banderaren lehiara sailkatzeko zazpi txarteletako bat lortzeko. 18:00etan hasita, hogei ontzi uretaratu dira, erlojupeko estropadari aurre eginez, minutuko tartearekin, eta Zumaiako Telmo Deunek lehia estua izan duen arren, ehuneneko gutxigatik ez da sailkatu. Eskualdetik Oriok bakarrik lortu du denboraldiko estropada garrantzitsuenerako sailkatzea, baina hark ere ozta-ozta; sailkapenean zazpigarren postuarekin konformatu behar izan dute, lanik onena egin duen Arraun Lagunak (10:55:32) baino 16 segundo 36 ehuneneko gehiagoko denbora eginda.
Ahulenen iraultza izan da gaurkoa; izan ere, ETE ligako traineruek indar erakustaldi izugarria egin dute, eta Euskotren ligan lehiatu diren hainbat traineru Kontxatik kanpo utzi dituzte. Segundo gutxi batzuek erabaki dute guztia.
Zumaiakoak hamahirugarren izan dira irteeran, eta justu-justu eta azken unean, baina Kontxatik kanpo gelditu dira, zortzigarren lekuan sailkatuta (11:12:90). Iazko lorpenik ezin izan dute berdindu, beraz. Zarautz bederatzigarren abiatu da, eta sailkapeneko hamargarren lekuan bukatu ditu lanak. Biak ala biak ETE ligako taldeak izanik, ez zeuden sailkatzeko taldeen zerrendetan faborito moduan, eta tamalez, halaxe izan da.