Gazte ekimenen diru laguntza irailaren 30era arte eska daiteke

Maria Maya Manterola 2024ko abuztuaren 30a

Askotariko proiektuek jaso ahal izango dute laguntza; aisialdiarekin, ikus-entzunezkoekin nahiz argitalpenekin loturikoek, esaterako. Hilabeteko epea dute herritarrek laguntza eskatzeko.

Gazteek komunitatean parte hartze aktiboa izan dezaten, diruz lagunduko ditu aurten udalak gazte ekimenak. Izan ere, uztailean dirulaguntza deialdia iragarri zuen, eta jakinarazi zuen 5.000 euro banatuko dituela halako proiektutan. Irailaren 30a izango da eskaera egiteko azken eguna.

Gehienez ere, 2.000 euroko laguntza jaso ahal izango dute eskatzaileek. Zumaiako 18 eta 30 urte bitarteko herritarrei zuzenduriko deialdia da, eta aisialdiarekin, ekintzailetzarekin, zientziarekin, ikus-entzunezkoekin, teknologia berriekin nahiz argitalpenekin lotutako proiektuak aurkeztu ahal izango dira deialdira. 

Interesdunek irailaren 30era arteko epea izango dute eskaria egiteko, ondorengo dokumentazioarekin batera: jarduera memoria, aurrekontua, dirulaguntza eskaerei buruzko adierazpena, zinpeko aitorpena, proiektuan genero ikuspegia landu den zehaztapena eta euskararen tratamendua jardueraren hedapenean. Zumaiako Udalaren webgunean aurki daiteke eskaera orria eta xehetasun gehiago. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide