Munduko txapelketako finala jokatuko du gaur arratsaldez Gonzalo Agirrek

Juan Luis Romatet 2024ko abu. 30a, 14:00

Gonzalo Agirre, eskuinean, Eduardo Agirre anaiarekin. (Utzitakoa)

Eñaut Urreisti mutrikuarra izango du aurkari Iruñean jokatzen ari diren 22 urtez azpikoen euskal pilotako Munduko txapelketako finalean, zesta punta modalitatean.

Iruñeko Labrit pilotalekuan ari dira jokatzen egunotan 22 urtez azpikoen euskal pilotako Munduko txapelketa. Zumaiar bat dago parte-hartzaileen artean, Gonzalo Agirre puntista, eta bere modalitateko finalera heltzea lortu du.

Atzo jokatu zituzten txapelketako finalerdiak. Buruz buruko partidan, Agirre zumaiarrak Libois frantziarra izan zuen aurkari. Galtzen hasi zuen partida (6 eta 15 emaitzarekin amaitu zen lehen jokoa), baina buelta eman zion lehiari. Bigarren jokoa 15 eta 10 emaitzarekin irabazi zuen. Berdinketa hausteko jokoa benetan lehiatua izan zen, eta 10 eta 9 emaitzarekin irabazi zuen Agirrek. Hala, finalera txartela lortu zuen zumaiarrak.

Gaur arratsaldez jokatuko dituzte txapelketako hainbat final Iruñeko frontoian. Agirrek Eñaut Urreisti mutrikuarra izango du aurkari zesta puntako finalean. Azken honek Bonnin frantziarrari irabazi zion atzoko beste finalerdian, bi jokotan: 15-4, 15-9.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide