Larunbatean jokatu zuten Castroponce herrian (Gaztela eta Leon, Espainia) Gaztela eta Leongo moto txapelketako bosgarren eta azken aurreko proba.
Entrenamendu saioetan bikain aritu zen Julen Mateos moto gidari zumaiarra, Minimotard 85 kategorian, eta egindako denborei esker, jarraian jokatuko zen lasterketan bigarren postuan abiatu zen.
Lehen txandan irteera ona izan zuen Mateosek eta lasterketako buruan jarri zen. Baina, zenbait itzuliren ostean, aurkariek aurrea hartu zioten eta bigarren postuan amaitu zuen. Bigarren txandako irteera ere ona izan zuen, eta lehen postuan jarri zen. Bigarren itzulian aurrea hartu zioten, ordea. Hala ere, liderrarengandik gertu jarraitzea lortu zuen eta bigarren postuan amaitu zuen lasterketa.
Bi lasterketen emaitza konbinatuarekin, bigarren postuan geratu zen Mateos Castroponceko lasterketan. Hala ere, hirugarren sailkatuari beharrezko puntuak aterata, Gaztela eta Leongo Txapelketako irabazle izendatu dute, Kartpetania (Segovia) zirkuituan jokatu beharreko azken lasterketaren faltan.