Iraupen luzeko kiroletako hitzordu esanguratsuenetakoa da Suediako hegoaldean atzo jokatu duten Ötillo swimruneko Munduko txapelketa. Egunsentiarekin batera ekin ziote lanari Sandhamm uhartean eta helburua ilunabarra baino lehen amaitzea zuten partehartzaileek, Utö herrian. Guztira, 75 kilometroko lana egin behar zuten parte hartzaileek, igerian eta korrika: Itsaso zabalean 10 kilometro egin zituzten igerian, eta beste 65ak korrika. Bi modalitateen arteko 46 trantsizio egin behar zituzten guztira.
Parte hartzaileen artean, kategoria mistoan, Helene Alberdi eta Ruben Ruzafa atera ziren, Orca Basque Country izenpean, eta, lanak amaituta, kategoria mistoko sailkapenean hirugarren postuan amaitu zuten Munduko txapelketa. 8 ordu, 55 minutu eta 19 segundoan egin zituzten proba osatu duten 75 kilometroak. Munduko txapelketa irabazi zuten Fredrik Axegärd eta Lorraine Axegärd suediarrengandik 24 minutara helmugaratu ziren Alberdi eta Ruzafa.