Aurtengo Olagarro Egunak badu egitaraua

Juan Luis Romatet 2024ko ira. 3a, 11:00

Irailaren 14an ospatuko dute aurtengo Olagarro Eguna. Berrikuntza gisa, herri bazkaria Herri Eskolako aterpean egingo da, Sagarbiden, eta txartelak bihartik aurrera egongo dira salgai turismo bulegoan.

Zumaiako Udalak iragarri du dagoeneko aurtengo Olagarro Eguneko egitaraua. Irailaren 14an ospatuko da itsas izaki hori protagonista duen jaia, eta aurreko edizioekin alderatuta, badira berrikuntza batzuk.

Hala, aurtengo herri bazkaria ez da Beheko plazan egingo, Sagarbiden Herri Eskolak duen aterpean baizik. 14:30ean izango da bazkaria eta bertarako txartelak bihar jarriko dituzte salgai turismo bulegoan, 12 euroan; haurren kasuan, txartelen prezioa 8 euro izango da. Egun horretarako prestatutako kamisetak ere salgai daude turismo bulegoan bertan, 10 euroan. Zapiak –2 euroan izango dira salgai– irailaren 9tik aurrera jarriko dituzte salgai.

Txosnetako eskaintzan ere izango da aldaketa bat. Izan ere, aurten ez dute olagarro zoparik emango; plantxan prestatutako olagarro brotxetak bakarrik emango dituzte. Goizez eta arratsaldez arituko dira lanean herriko gune desberdinetan jarriko dituzten txosnak. 

Aldaketekin edo berrikuntzetik jarraituta, goizez egingo den elikagaien azoka Erribera kaletik Gurrutxaga plazara lekualdatuko dute, herri bazkaria Sagarbidera eramango dutela baliatuz. 

Olarro Eguneko egitaraua

  • Goiz partean XVIII. ARGAZKI RALLYA. Izen ematea 09:00etatik 10:00etara, Alondegiko Oxford aretoan.

  • 10:30etik 14:30era Eusebio Gurrutxaga plazan ELIKAGAIEN AZOKA.

  • 10:30ean hasita HAUR ETA GAZTETXOENTZAT JOLASAK, Itxas-Gain elkarteak antolatuta. Arbustaingo arranpla parean, piraguak eta uretako jolasak; eta Gernika parkean, zinta harrapatzea bizikletan, eltzetxoak puskatzea, etab.

  • 11:00etan kuadrillen arteko batel estropada, OLARRO EGUNEKO XVI. BANDERA, Telmo Deun arraun elkarteak antolatuta.

  • Goiz partean, OLAGARRO BROTXETAK E. Gurrutxaga plazako eta Gernika parkeko txosnetan.

  • 11:00etatik 13:00etara (bi txanda), Algorri interpretazio zentroan 6-10 urte bitarteko haurrentzat doako TAILERRAK. Aurrez izena eman behar da: info@algorri.eus edo 943143100.

  • 11:00etatik 14:00etara ATEA ZABALIK Kofradian, ARRAINEN SALMENTA ARETOA ikusteko.

  • 11:15ean HAMAIKETAKOA olagarro harrapatzaile izandakoentzat.

  • 11:30ean herriko txistularien KALEJIRA Astindu taldearekin.

  • 12:30ean KALEJIRA Zutrik trikitilarien eskutik.

  • 14:30ean HERRI BAZKARIA, Sagarbidko aterpean.

  • 11:00etan, “Flyscheko olagarroa” BISITA GIDATUA euskaraz (gaztelaniaz 12:30ean) %50eko deskontua kode hau erabiliz: olarroeguna. Erreserbak: www.geoparkea.eus.

  • 17:00etatik 19:00etara ATEA ZABALIK Kofradian, ARRAINEN SALMENTA ARETOA ikusteko.

  • Arratsaldez, OLAGARRO BROTXETAK txosnetan.

  • 18:30ean HAMARRU ELEKTROTXARANGA herriko kaleetan.

  • 19:30ean Kofradian, Olarro eguneko XVI. Bandera emango zaie batel estropadako irabazleei.

  • 22:00etan Kofradian, ERROMERIA SOINUZ BLAI taldearekin.

  • 22:00etan DJ LUJI eta DJ LOTI Amaia plazan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide