Irailaren 14ean izango da aurtengo Olagarro Eguna, eta jaki preziatuaren bueltan antolaturiko ohiko ekitaldiez gain, argazki rallya izango da aurten ere. Hain zuzen, XVIII. edizioa izango da aurtengoa, eta eguardira bitartean ateratako argazkiak jasoko dituzte.
Kamera digital bat duen edonork parte hartu dezake egun horretako rallyan, eta Olarro Egunean bertan udalerri barruan ateratako argazkiak aurkeztu ahal izango dituzte, izena ematerako momentuan zehaztutako gaiak oinarri hartuta. Parte hartzaile bakoitzak bost argazkiz osaturiko bilduma aurkeztu beharko du, gai bakoitzeko argazki bat. Hemen ikus daitezke rallyan parte hartzeko oinarriak.
Izen ematea Alondegiko Oxford aretoan egingo da irailaren 14an -larunbata- goizeko 09:00etatik 10:00etara. Izena ematean helduei herriko txosnetan olagarroa dastatzeko txartel bat emango zaie opari, eta 16 urte baino gutxiago dituzten gazteei Zumaiako Gertu merkatari eta ostalarien elkarteko establezimenduetan gastatzeko 10 euroko txartel bana emango zaie sari banaketaren ondoren.
Erabakia ospe handiko argazkilariz osatutako epaimahai batek hartuko duela adierazi dute antolatzaileek, eta honako sariak banatuko dituzte: lehenengo bildumarentzat 200 euroko balioa duen Gertu erosketa bonuak eta garaikurra; bigarren bildumarentzat 150 euroko balioa duen Gertu erosketa bonuak; eta hirugarren bildumarentzat 120 euroko balioa duen Gertu erosketa bonuak. Lehena sailkatzen den herritarrarentzat, berriz, 100 euroko balioa duen Gertu erosketa bonua emango zaio.