Flysch Trail mendi lasterketa prestatzeko emakumeei zuzendutako entrenamendu saioak antolatu ditu Indamendi bazkunak aurtengoan ere. Ekainean hasi zituzten prestaketak, eta datorren larunbatean, hilak 7, bosgarren saioa izango dute.
Urriaren 6an egingo den karreran lasterketa laburra korrituko dutenak Elorriagara joango dira zapatuko entrenamendu saioan. 11 kilometroko bidea egingo dute, 250 metroko desnibelarekin, eta bi orduan osorik egiteko modukoa dela uste dute antolatzaileek. Lasterketa luzea egingo dutenak, aldiz, Sakoneta aldera joango dira. 18 kilometroko bidea izango dute aurrean, 600 metroko desnibelarekin, eta hau ere bi orduan egitea aurreikusten dute.
Taldeak goizeko 8:00etan abiatuko dira Lubaki kiroldegitik. Sei entrenamenduetatik lautan parte hartzen duten emakumeen artean 15 dortsal zozkatuko dituzte antolatzaileek.
Berez emakumeei zuzendutako saioak izan arren, gizonek parte hartu ahal izango dute.