Zumaia Jai Alai Olagarro Eguna Open Series izeneko zesta punta jaialdia jokatuko dute irailaren 13an, Olagarro Egunaren bezperan, Aitzuri pilotalekuan. 19:00etan hasiko da kirol jarduera eta bi partidaz osatuko da, gizonen eta emakumeen bana. Zumaiako hiru puntista izango dira protagonista etxean jokatuko dute jaialdian.
Gizonetan, Imanol Lopez eta Unai Uranga elkarren aurka arituko dira herriko frontoi luzean. Lopezek 22 urtez azpikoen munduko txapelketa irabazi berri duen Eñaut Urreistirekin osatuko du bikotea; Urangak, aldiz, momentuko aurrelari onena den Aritz Erkiaga Ispasterreko puntista izango du aurreko koadroetan.
Emakumeetan, berriz, Women Winter Serieseko desafioa jokatuko dute eta Frida Watkins puntista zumaiarrak herrikideen aurrean jokatzeko aukera izango du. Erika Mugartegirekin osatuko du bikotea eta aurrean Elaia Gogenolak eta Arai Lejardik osatutako bikotea izango du.
Jaialdirako sarrerak bihartik aurrera izango dira salgai online, hemen. Egunean bertan pilotalekuko leihatilan izango dira salgai. Online erosita prezioa 10 euro izango da, eta egunean bertan erosita 12 euro.
Bi partiden arteko atsedenaldian, Olagarro Egunari hasiera eman zion lagun taldea omenduko dute.