Gaztegunea eta Ludoteka ezagutzera emateko bilerak eta jardunaldiak antolatu dituzte

Juan Luis Romatet 2024ko ira. 4a, 16:00

Jostailu erakusketa Ludotekan. (Juan Luis Romatet)

Irailaren 14an hasiko da Gazteguneko kurtso berria eta hilaren 30ean Ludotekakoa. Bi udal zerbitzuak ezagutzera emateko ate irekien jardunaldiak eta bilerak antolatuko dituzte aurretik. 

Irailarekin batera jarriko dira berriro martxan Gaztegunea eta Ludoteka. Nerabeei zuzendutako zerbitzuak irailaren 14an hasiko du ikasturte berria; haurrei zuzendutakoak, berriz, irailaren 30ean. Aurretik, bi zerbitzu hauek ezagutu ahal izateko jardunaldiak antolatu dituzte.

Gazteguneari dagokionez, zerbitzuaren eskaintza, espazioa bera eta hezitzaileak ezagutzeko aukera bat baino gehiago izango da. Hala, irailaren 10ean gurasoek zein tutoreek izango dute zerbitzua ezagutzeko aukera, arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara bitartean. Irailaren 11n, 12an eta 13an, berriz, DBH1eko ikasleei zuzendutako ate irekien jardunaldiak izango dira Gernika parkean kokatutako zerbitzu honetan. 

12 eta 17 urte bitarteko nerabeei zuzendutako zerbitzua da Gaztegunea. Interesdunek dagoeneko izena eman dezakete. Horretarako bi aukera dituzte: Gaztegune bertatik pasatu eta eskuorria betetzea, edo gaztegunezumaia@gmail.com helbidera idatziz orria eskatu eta behin beteta bidaltzea.

Itsas kiroldegian kokatzen den Ludotekak, berriz, irailaren amaieran hasiko du ikasturte berria, hilaren 30ean hain zuzen ere. Izen ematea zabaldu aurretik, baina, oraindik zehaztu gabeko data batean, guraso eta tutoreekin bilduko dira Ludotekako arduradunak zerbitzuaren berri eman eta izen emate prozesuaren inguruko azalpenak eskaintzeko. Zerbitzu hau 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta astelehenetik ostiralera bitartean ematen da, arratsaldez, 17:00etatik 19:30era.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide