Astelehenean zabalduko dute euskara ikasteko dirulaguntzak eskatzeko epea

Juan Luis Romatet

Dirulaguntzak eskatzeko bigarren deialdia eta batez ere uda sasoian euskara ikasi dutenek eskatu ahal izango dituzte laguntzak. Urriaren 11ra arte izango da epea zabalik. 

Euskara ikasi dutenek dirulaguntzak eskatu ahal izango dute datorren astelehenetik, irailaren 9tik aurrera. Helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten herritarrek eskatu ahal izango dituzte laguntza hauek. Laguntzen onuradun izateko, eskatzaileak Zumaian erroldatuta egon beharko du, gutxienez %80ko asistentzia edo aprobetxamendua egiaztatu, eta Udalarekin, Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin betebeharrak eguneratuta izan. 

Baldintza horiek betetzen dituzten eskatzaileek izango dute laguntzak jasotzeko eskubidea. Langabeen kasuan, matrikularen %100 ordainduko zaie ikastaro guztietan; gainerako ikasleek, berriz, matrikularen %75 jasoko dute. Urritik ekainera arte iraun duten ikastaroetan, gehienez, 600 euro ordainduko ditu udalak, eta 200 euro uda sasoian, uztailetik irailera bitartekoetan emandakoetan.

Aurkeztu beharreko dokumentazioaren inguruko xehetasunak hemen ikus daitezke. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide