Jai Alai Leagueko fase erregularra amaituta, erabakita geratu da zer zortzi puntistek jokatuko duten ligari amaiera emango dion Final Four edo azken laukoa. Horien artean izango da Imanol Lopez puntista zumaiarra.
Paueko (Biarno, Frantzia) txapelketako finala jokatzearen faltan, atzelarien sailkapenean laugarren zen Lopez eta bosgarren Minvielle. Azken honek, baina, Biarnoko hiriko txapelketako finala jokatuko zuen, eta irabazten bazuen sailkapenean Lopez pasatuko zuen, laugarren bukatuz liga, eta azken laukoa jokatzeko aukera emanaz. Ez zen hala gertatu –bi jokotan galdu zuen Barandikarekin bikotea osatuz, Erkiaga eta Gorkaren aurka– eta, ondorioz, Lopez geratu da laugarren ligan eta Final Fourra jokatzeko eskubidea izango du, aurrelarien artean laugarren postuan geratu den Barandikarekin bikotea osatuta.
Lopezek denboraldi honetan Markina-Xemeingo Grand Slama eta Biarritzeko Opena irabazi ditu; bigarren izan da Gernikan eta Winter Serieseko finalerdia ere jokatu du. Azken laukorako sailkatzeak badu aparteko meritoa, urte hasieran, hilabete batzuetan, Estatu Batuetako frontoietan jokatu zuelako.
Oraindik guzitz erabaki gabe dago non jokatuko duten ligako Final Fourra, baina Durangoko Ezkurdi frontoian jokatuko dutela uste da.