Etzi, larunbatez, ospatuko dute Olagarro Eguna Zumaian. Bezperan, bihar, 19:00etan hasita, festa horri lotutako zesta puntako Open Series jaialdia hartuko du Aitzuri pilotalekuak. Bertan, hiru zumaiar kantxaratuko dira: Frida Watkins, Unai Uranga eta Imanol Lopez. Azken honi dagokionez, urte osoan bere jaioterrian jokatuko duen lehen eta azken partida izango da. Imanol etxean ikusteko aukera bakarra izango da, alegia. Jaialdirako sarrerak hemen daude salgai. Arratsean bertan, frontoiko leihatilan erosi ahal izango dira.
Adituen arabera, Aritz Erkiaga eta Imanol Lopez dira momentuan dauden aurrelari eta atzelaririk onenak. Ispasterko aurrelariak denboraldiko ia txapelketa guztiak irabazi ditu, horien artean pasa den apirilean, San Telmo jaien bueltan, Zumaian jokatutako Master Seriesa. Biharko partidan bezala, Unai Uranga zumaiarrarekin osatu zuen orduan ere bikotea.
Oraingo honetan Eñaut Urreisti mutrikuarrak eta Imanol Lopez zumaiarrak osatutako bikotea izango dute aurrean; bi jokalari handi horien aurka defendatu beharko dute aurreko apirileko txapela. Urreisti, gaztea izanda ere, denboraldi on bat egitetik dator, eta duela aste gutxi Iruñean jokatu zen 22 urtez azpikoen Munduko txapelketa irabazi zuen Gonzalo Agirreren aurka.
Emakumeen desafioa aurretik
Estelarreko partidaren aurretik, emakumeen desafioa jokatuko dute Zumaiako frontoi luzean, eta hor ere zumaiar bat kantxaratuko da, Frida Watkins gaztea hain zuzen ere. Erika Mugartegirekin osatuko du bikotea eta aurrean Elaia Gogenola eta Arai Lejardi izango ditu.
Emakumeen norgahiagokak errebantxa kutsua izango du. Izan ere, Erika eta Frida nagusi izan ziren apirilean Master Seriesarekin batera jokatu zen desafioan. Orduko hartan Elaia Gogenola eta Maialen Aldazabal izan zituzten aurkari. Ostiralean, Elaiak errepikatuko du baina atzean Arai Lejardi izango du lagun.
Mugartegi eta Lejardi markinarrak Munduko txapelketako irabazleak izan ziren abuztuan Iruñean.
Bi partiden artean, Olagarro Eguna sortu zuen lagun taldea omenduko dute Aitzurin.