Euskotren ligara igotzeko sailkatze estropada edo play offa jokatuko dute datorren asteburuan. Bost ontzi izango dira lehian: aurtengo denboraldian Euskotren ligan zortzigarren geratu den Galiziako Cabo galiziarra; Galiziako ligako lehen bi sailkatuak, Chapela eta Rianxo; eta ETE ligako lehena eta bigarrena, Astillero kantabriarra eta Zumaiako Telmo Deun. Larunbatean Bermeon izango dute hitzordua, arratsaldez, eta igande eguerdian, berriz, Portugaleten.
Aurtengo arraun denboraldiari amaiera bikaina eman nahi diote Zumaiako arraunlariek. Arrauneko lehen mailara igotzea suposatuko lukeen hitzordu garrantzitsu honen aurrean, estropalariak ondo daudela dio entrenatzaile Joxe Enrike Kike Manterolak: «Ilusioarekin gaude. Ondo ari dira entrenatzen. Pentsatzen dugu borrokan egon behar dugula. Gauza estua dago, baina guretzako bezala besteentzako ere bai. Gauzak ondo egin behar dira, eta hala egiten badugu, aurrean egon beharko genuke”.
Bost hautagai ariko dira igoerako bi leku lortzeko lehian. Horietatik bat –Astillero– aski ezaguna du Zumaiak, ETE ligan aurkari izan duelako. Galiziakoak, aldiz, ezezagunagoak dira zumaiarrentzako. “Kontxarako sailkatze estropada ikusita, badirudi Chapelak, Astillerok eta geuk egon beharko genukeela bi leku horien bila. Cabo atzean geratu zen. Hala ere, ez ditugu beste biak ahaztu behar. Gauzak ondo egin behar dira, eta hala ere lanak izango ditugu igoera lortzeko”.
Manterolaren ustetan, Kontxako Banderara ez sailkatzeak –zortzigarren egin zuen Zumaiak, Oriorengandik ehuneko gutxitara– animo aldetik ez diete eragingo. “Ez du uste. Bestalde, lagungarria ere izan daiteke. Pentsatzen dugu besteen mailan gaudela, baina borroka egin behar dugu”. Zentzu horretan, ETE ligak aurten sekulako maila erakutsi duela dio entrenatzaileak. “Euskotren ligako traineru batzuen mailan egon gara ETE ligakoak”.
Itsasoa mugitua nahiago
Larunbateko estropada itsasoan jokatuko dute eta igandekoa, berriz, errioan. Bietan ere ondo moldatzen direla azaldu du entrenatzaileak, baina aukeran itsasoan aritzea nahiago duela onartu du. “Guk itsasoan nahiago dugu, baina itsasoak pixka bat mugituta egon beharko luke. Hori ona litzateke guretzako. Hala ere, horrek ez du esan nahi errioan edo itsaso barearekin ez dugula ondo egingo. Erakutsi dugu errioan ere gai garela irabazteko, baita itsaso barearekin ere”.
Asteburuko hitzordu bikoitzera begira ez dute entrenamendu berezirik egin; azken bizpahiru hilabetetako erritmoarekin ari direla azaldu du Manterolak. “Ez dugu ezer berezirik egin. Astean sei entrenamendu saio izaten dituzte eta egun bat jai, asteartetan. Hala egin dugu azken bi-hiru hilabetetan”.
Lehen mailara itzultzeko igoera lortu edo ez, denboraldi bikaina egin dutela iritzi dio entrenatzaileak. “Denboraldi ona izan da. Arantza Kontxako sailkapenean sartzetik ehunekotara geratzea izan da, azken unera arte barruan geundelako. Hori gertatzen zaio borrokan dabilenari. Atzeko zuloan dabilenarekin ez da inor akordatzen. Sei bandera lortu ditugu traineruarekin, trainerillarekin zazpigarrena... Denboraldi borobila, zalantzarik gabe”.