Udalak aurki lizitatuko du Moilaberri berritzeko obra

Maria Maya Manterola 2024ko ira. 13a, 12:00

Moilaberriko tren estazio zaharra. (Juan Luis Romatet)

Hasiera batean Debegesa garapen agentziak zuen Moilaberriko obra kudeatzeko ardura, baina "lanen gaineko kontrol handiagoa izateko", udalak berak lizitatuko du laster. Atzo izan zen ez ohiko udalbatzarrean aztertu zuten gaia. Zenbait kreditu aldaketa ere onartu zituzten.

Moilaberriko obraren inguruko lizitazioarekin loturikoak aztertu zituzten atzo, osteguna, udaletxeko pleno aretoan egindako udalbatzarrean. Aho batez onartu zuten bertan bildutakoek Moilaberriko obraren lizitazioa udalak berak egitea. Aurki egitea espero dute, urriaren amaieran.

Europako funtsen bidez finantzatutako Next Generation dirulaguntza lortu zen iaz Moilaberri berritzeko, eta horretarako, Debegesarekin garapen agentziarekin hitzarmena sinatu zuen udalak. Lizitazioa tokiko administrazioak bultzatu eta obren gaineko kontrol handiagoa izateko, hitzarmena sinatzea proposatu zuen atzoko plenoan Udal Gobernuak. Obra gauzatzeko epea hiru hilabetez atzeratuko dela ere jakinarazi zuen Alexander Marañon idazkariak –2026ko martxoaren 31ra artekoa izango da–. 

EAJren udal taldeko zinegotziek proposamenaren alde bozkatu bazuten ere, gaia aztertzeko ez ohiko plenoa deitu zutenez, aldaketa azkar egitea beharrezkoa zen galdetu zuten. Idazkariak azaldutakoaren arabera, diru laguntza "oso zorrotza" da epeei dagokienez, eta Debegesak kudeatzen dituen lanen % 30a egon behar izaten da adjudikatuta urtea amaitu aurretik. Aurrez Jaurlaritzak pleguei onespena eman behar izaten diela ere azaldu zuen Marañonek.

Kreditu aldaketak zenbait proiektutan

Zenbait kreditu aldaketa onartzeko baliatu zuten atzoko udalbatzarra. Hasierako kredituaren murrizketak onartu zituzten zenbait proiektutan: Haurreskolako lurraren konponketan –7.500 eurotik 6.307 eurora jaitsi da–, kaleko komunetan –48.400etik 35.335era– eta pump track-aren proiektuan –90.000tik 29.991ra–, hain zuzen. Kreditua gehituko diete, bestetik, ondorengoei: Itzurunbideko igogailuaren proiektuari –7.528 eurotik 20.592 eurora igoko da gastua–, Haurreskolan tipia ezartzeko lanei –ez zen proiekturik aurreikusten, eta horretarako 1.193 euro erabiliko dituzte– eta Moilaberri berritzearekin loturikoa izango da azkena –100.000tik 160.000 eurora igo da–.

EH Bilduko eta PSE-EEko zinegotzien aldeko botoekin eta EAJkoen abstentzioarekin onartu zituzten aldaketa horiek. Jeltzaleek hartu zuten hitza beren abstentzioaren arrazoiak aletzeko. Batetik, aipatu zuten pump trackaren partidatik 60.000 euro murriztu direla, proiektua datorren urtera atzeratuz, eta gainera, 2023/2024 ikasturtean aurrekontu parte hartzaileetan hartutako konpromisoa bertan behera utzi dutela. Kaleko komunei dagokienez, EAJko kideen arabera, "beharrezkoa" da inbertsioa, komun autogarbigarriak egiteko, esaterako. Beren hitzetan, diru gerakina baliatu beharko litzateke gastu hauetarako. Itzurunbideko igogailuaren gastua, berriz, hirukoiztu egin dela aipatu zuten, eta partida 18.000 eurotik gorakoa denez, galdetu zuten ea ez den lehiaketa publikoaren bidez egin beharko obra. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide