Kalitatezko osasungintza publikoaren alde protesta egin dute herritarrek

Maria Maya Manterola 2024ko ira. 13a, 13:30

Argazkia: Maria Maya Manterola.

Osakidetzaren kudeaketa kaskarra salatu dute beste behin ere anbulatorioaren parean egindako elkarretaratzean. Hilaren 27an batuko dira berriz.

Uda igaro arren, Zumaiako anbulatorioko egoerak berdin jarraitzen duela salatu dute hamarnaka herritarrek gaur, ostirala. Osasun zentroaren parean elkarretaratzea egin dute eguerdian, eta salatu dute sei familia mediku beharrean, bi izan direla lanean azken asteotan. Pediatra bakarra aritu da lanean, bestetik.

Inguruko herrietako pazienteak ere artatu behar izan dituzte. Medikurik gabe geratu da anbulatorioa egunero 15:00etatik aurrera, eta Zumaian ez ezik, Zarauzko "egoera tamalgarria" ere aipatu dute Zuopako kideek. Herritarren osasuna eta bizitza arriskuan egon bitartean, mobilizatzera deitu dituzte herritarrak. Hilaren 27an eguerdiko 12:00etan elkartuko dira berriz.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide