Gogotsu hasi dute olagarroaren bueltako festa

Intza Trula 2024ko ira. 14a, 14:00

Olagarro Egunaz gozatzen dabil herritar zein bisitari mordoa goizean goizetik. Jan-edanerako aukera ez ezik, kuadrillen arteko batel estropadak ikusteko, jolasetan parte hartzeko eta trikitilarien zein txistularien erritmoan dantza egiteko aukera ere izan dute goiz partean herrian ibili direnek.

Azken egunotan euria gogotik egin badu ere, eguzkia atera da gaur Olagarro Eguna erarik hoberenean ospatu ahal izateko. Kolore granatedun kamisetak zein zapiak soinean zituztela atera dira herritarrak goizean goizetik kalera. Bertakoak ez ezik, bisitari ugari bildu da aurten ere gastronomia festaz gozatzeko asmoarekin. 

Besteak beste, kuadrillen arteko batel estropadak, haurrentzako jolasak eta trikitilarien zein txistularien kalejirak izan dira goiz partean herrian, eta, nola ez, olagarroa dastatzeko aukera. Goizean zehar, Moilaberriko eta Eusebio Gurrutxaga plazako txosnetan eskuratu ahal izan dira brotxetak, eta salmenta puntu horiek zabaldu bezain laster sortu dira ilara luzeak. 

Honakoa da datozen orduetarako egitaraua:

  • 14:30ean HERRI BAZKARIA, Sagarbideko aterpean.

  • 17:00etatik 19:00etara ATEA ZABALIK Kofradian, ARRAINEN SALMENTA ARETOA ikusteko.

  • Arratsaldez, OLAGARRO BROTXETAK txosnetan.

  • 18:30ean HAMARRU ELEKTROTXARANGA herriko kaleetan.

  • 19:30ean Kofradian, Olarro eguneko XVI. Bandera emango zaie batel estropadako irabazleei.

  • 22:00etan Kofradian, ERROMERIA SOINUZ BLAI taldearekin.

  • 22:00etan DJ LUJI eta DJ LOTI Amaia plazan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide