Olagarro Egunean murgilduta dabiltza herritarrak gaur goizean goizetik, baina atzo ere izan zen festarekin lotutako ekitaldirik. Izan ere, 19:00etan hasita, zesta puntako Open Series jaialdia hartu zuen Aitzuri pilotalekuak, eta jaialdiko partiden artean, Olagarro Eguneko antolatzaileek Ibon Uranga omendu zuten.
2004an ospatu zen lehenbizikoz Olagarro Eguna; lagun talde batek sortu zuen festa, tartean Ibon Uranga sukaldariak, eta hogei urteren ondoren, azkenekoz ariko da boluntario gaur. Horregatik erabaki zuten hura omentzea. Txapela eta oroigarria eman zizkioten, bertaratu zirenen txalo zaparrada artean.
Zesta punta jaialdiari dagokionez, berriz, hiru zumaiar kantxaratu ziren: Frida Watkins, Unai Uranga eta Imanol Lopez. Azken horri dagokionez, urte osoan bere jaioterrian jokatu duen lehen eta azken partida izan zuen. Eñaut Urreistirekin batera aritu zen Lopez, eta Aritz Erkiaga eta Unai Uranga izan zituzten aurkari. Partida berdindu baten ondoren, Erkiaga-Uranga gailendu ziren, 10-15-5 emaitzarekin (Urreisti-Lopezek 15-14-2 egin zuten).
Estelarreko partidaren aurretik, emakumeen desafioa jokatu zuten, eta hor ere zumaiar bat kantxaratu zen, Frida Watkins gaztea, hain zuzen ere. Erika Mugartegirekin osatu zuen bikotea, eta aurrean Elaia Gogenola eta Arai Lejardi izan zituen. Azken horiek irabazi zuten partida, 15-12-5 emaitzarekin (Erika-Fridak 12-15-0 egin zuten).