Adinekoei zuzenduriko eskaintza prestatu du udalak ikasturte honetarako

Maria Maya Manterola 2024ko ira. 16a, 17:00

Beren bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin antolatu du udalak aisialdi eskaintza. Itsasargia zerbitzua, oroimena lantzeko tailerra nahiz Tipi-tapa programa izango dira, besteak beste.

Zumaiako Udalak 65 urtetik gorako adinekoentzako aisialdi eskaintza prestatu du beste urte batez, eta izango diren jardueren berri ematearekin batera, horietako batzuetarako izen ematea zabalik dela jakinarazi du. Oroimen tailerra, Tipi-tapa programa eta Itsasargia zerbitzua izango dira aurtengoan ere.

Gizarte Zerbitzuekin jarri beharko dute harremanetan interesatuek, 943 86 22 00 zenbakira deituta, brankaharrera@zumaia.eus posta helbidera idatzita, edota Brankako Gizarte Zerbitzuen bulegoetara joanda.

Tipi-tapa ibilaldietan parte hartzeko aukera izango dute herriko edadetuek asteazkenero, goizeko 10:00etatik aurrera. Eusebio Gurrutxaga plazatik abiatuta, ordubeteko ibilaldiak egingo dituzte adinekoek. Osasun fisikoa lantzeaz gain, harreman berriak egiteko aukera eskaintzen du jarduera honek. 

Asteazken arratsaldetan eskainiko dute, bestalde, Hogarrean, oroimena lantzeko tailerra. Nahasmenik ez duten 65 urtetik gorako adinekoei zuzenduriko tailerra da, eta ariketa desberdinen bitartez lantzen dute saioetan oroimena, bai bakarka eta baita taldean ere. 

Itsasargia, egunean bi orduz

Itsasargia zerbitzua ere izango dute Zumaiako nagusiek. Astelehenetik ostiralera emango, urte osoan zehar, eta egunero bi orduz eskainiko da. Mendekotasuna edo mendekotasun arriskua duten 65 urtetik gorako pertsonei, eta askotariko zailtasunak dituzten adinekoei zuzendutako zerbitzua da.

Adinekoen autonomia landu eta mendekotasun egoerak saihestu eta atzeratzea da tailer honen helburua, eta dinamizatzaile baten laguntzarekin, astelehenetik ostiralera egunero bi orduz biltzen dira partaideak. Helburuak dira, partaide guztien artean norbere gaitasunak lantzea, bakardadea saihestea, harreman berriak egitea, eta herri mailan parte hartzea sustatu zein herriko partaide sentitzea. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide