Espaziora egokitutako hiru arte-proposamen Oxforden

Juan Luis Romatet 2024ko ira. 17a, 09:30

Ezkerretik, Maite Gonzalez, Ari Cardozo, Jone Erzilla eta Irantzu Yaldebere. (Juan Luis Romatet)

Harriak arte garaikideko programaren barruan sortutako Argi urdin arrosa laranja erakusketa izango da ikusgai Zumaiako aretoan, urriaren hasierara arte.

Urtero bezala, Harriak arte garaikideko programak geldialdia egingo du Zumaian. Arte bitartekaritzarako, erakusketarako eta dibulgaziorako espazio berriak sortzeko helburua duen egitasmo honen barruan, Argi urdin arrosa laranja izeneko erakusketa zabaldu zuten pasa den ostegunean Alondegia kultur etxeko Oxford erakusketa aretoan. Bertan, Maite Gonzalez Martinez, Jone Erzilla Etxegibel eta Ari Cardozo artisten lanak izango dira ikusgai urriaren 2ra arte.

Irantzu Yaldebere aritu da erakusketa honetarako bitartekari lanetan, eta bildumaren zabaltze ekitaldian azaldu zuenez, artista beraiek elkar ezagutzeko helburuarekin aukeratu zituen aipatu hiru egileak. "Ez zuten elkar ezagutzen, eta espazio antzerako bat eman nahi nien elkar ezagutu eta lan egiteko. Hasieratik itxaropena nuen beraien artean zerbait gertatuko zela eta alde horretatik esperientzia ondo joan da", adierazi zuen Yaldeberek.   

Erakusketak bideo proiekzioak eta irudiak, ehunak eta jantziak, eta DJ saioak eta zuzeneko kontzertuak bilduko ditu. "Ez zen kontua bakoitzak erakusketarako zerbait ekartzea, baizik eta eragin bat sortu nahi izan da elkarren artean espazio berean. Elementu ezberdinak daude erakusketan eta elkarren arteko eragina sortzen dute. Erakusketa batean parte hartzeak ematen duen aukera bat da hori", gaineratu zuen Gonzalezek.

Arte jarduera desberdinak

Proposamen artistiko desbedinak lantzen dituzte hiru egileek, eta beraien proposamenak Oxford aretoak eskaintzen dituen baliabide edo ezaugarrietara moldatu dituzte. Erzillak aurretik egindako lanketa bat egokitu du erakusketarako. "Banituen oihal batzuk, baina espazio honetan egongo nintzela-eta, arropa batzuk egitea pentsatu nuen, jendeak hartu eta jantzi ahal izateko".

Gonzalezek, berriz, duela hiru bat urte egin zituen lan piktoriko batzuk gaur egun gertuago sentitzen dituen praktiketara eraman ditu, bideo eta irudi lanketara, hain zuzen. "Espazioaren zehaztasunetara moldaketa egin dut", adierazi zuen.

Ari Cardozoren kasuan, aurrez Bartzelonan egindako sei orduko performancea zatikatu egin du, eta egun zehatz batzuetan emango dituen 40 minutu eta ordubete inguru arteko musika saioetan banatu ditu. "Ez naiz Euskal Herrikoa, Bartzelonatik nator, eta ez nuen irekieran egon nahi eta alde egin. Interesatzen zitzaidana nire lana erakusketara gehitzea zen eta hemen egotea bost data desberdinetan". Irekierarekin batera eskaini zuen lehen musika saioa eta hurrengoa gaur bertan izango da, 19:30ean hasita. Datorrenak irailaren 21ean (19:00etan), 24an (18:00etan) eta, erakusketaren itxierarekin batera, urriaren 2an (19:00etan), izango dira.

Argi urdin arrosa laranja erakusketa urriaren 2ra arte egongo da ikusgai Alondegiko aretoan, egunero, 18:30etik 20:30era. Asteburuetan, eguerditan ere zabalduko ditu ateak, 12:30etik 14:00etara.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide