Marea altuak izango dira datozen egunotan kostaldean. Altuena ostegunerako dago aurreikusita. Itsasgorarekin, bost metro gora egin dezake itsasoak. Hori dela, itsasoak sor ditzakeen kalteak ahal dela ekiditeko, neurriak hartzeko eskatu die udalak herritarrei.
Euria ere iragarrita dago asteburu bueltako egunetarako. Horri itsasgora bereziki altuak gehituko zaizkio. Hori dela eta, zuhurtziaz jokatzea eskatu du udalak. Hala, gomendatu du itsasgora orduetan itsasadar inguruko eremuetan kotxeak ez aparkatzea, hain zuzen Arranplan, Txomin Agirre kaian eta Axular Ibiltokietan. Leku horietan atera izan da ura aurrekoetan.
Bere aldetik, udalak bestelako neurri batzuk hartuko ditu. Adierazi duenez, estolda-zuloak itxiko dituzte itsasoko ura kaleetara ez heltzeko. Bestalde, hodi sistema guztia errebisatuko duela ere azaldu du, balizko arazoak saihesteko.
Itsasoak gainezka egingo balu, udaltzaingoak beharrezko neurriak hartuko dituela ere gaineratu du, "eremuak itxiz edo trafikoa desbideratuz, herritarren segurtasuna bermatzeko".