Uraren gainean oinez, itsasgorari esker

Juan Luis Romatet 2024ko ira. 18a, 20:21

Marea bizikiekin itsasgora bereziki altua izan da gaur. Hala ere, euri ezari eta itsaso bareari esker, marea gorak ez du kalterik eragin eta irudi ederrak ikusteko aukera izan da herrian. 

Iragarpenen arabera, bihar izango du mailarik altuena itsasgorak: 18:30ak aldera, 5 metro inguruko altuera hartuko du. Gaur ez da maila horretara heldu, baina, hala ere, 17:30ak aldera izan den itsasgorak irudi ederrak ateratzeko aukera ekarri du. Zorionez, ez du kalterik eragin. Euririk ez du egin eta itsasoa ere bare egon da gaurkoan. Hala, ez da olaturik sartu portuko bokatik. 

Herriko leku batzuetan, Trenbide etorbidean, Zubiberri parean, esaterako, itsasoa ubidetik atera da baina kalterik eragin gabe. Axular ibiltokian ere, Zumaiena ikastetxetik gertu, ibaibidetik ateratzeko zorian izan da ura, baina, gaurkoz, behintzat, bere lekuan jarraitu du.

Herritar batzuk, bai, izan dute Urolaren itsasadarreko eskoilera gainetik ibiltzeko tentazioa. Heldu zein haur gerturatu da Sarauneko zabalgunera, eta handik abiatu dira gaur urak estalitako pasabidera.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide