Aldaketak izango dituzte Zumaia Flysch Traileko ibilbideek

Juan Luis Romatet 2024ko ira. 22a, 09:00

Urriaren 6an korrituko da Zumaiako mendi lasterketaren hamabosgarren aldia. Bi ibilbideak mantenduko dituzte, laburra eta luzea, baina bietan aldaketak izango direla argitu dute antolatzaileek. 

Data hurreratzen ari da eta dagoeneko korrikalariak prestatzen ari dira urriaren 6an korrituko den XV. Zumaia Flysch Trail mendi lasterketerako. Iazko aldian bezala, aurten ere bi distantziatan jokatuko da lasterketa: 23,6 kilometroko proba luzea eta 13 kilometroko proba motza. 

Antolatzaileek kirol jarduera honen webgunean aurreratu dutenez, bi ibilbideetan aldaketak izango dira aurreko edizioarekin alderatuta. Antolakuntzako kide Karlos del Pilarrek esandakoaren arabera, aldaketa nagusia probaren hasieran izango da: "Orain arte, Ardantza auzotik joan eta ezkerrera hartzen zen Periko gisa ezagutzen den aldapatik igotzeko. Hortik, hilerrira agertzen ziren korrikalariak, eta handik, asfalto zati luze baten ondoren, Santa Klarara iristen ziren zelaitik. Aurten, ordea, errepidea ahalik eta gehien ekiditeko asmoz, lasterketaren hasiera berdinetik Algorrira joango dira kirolariak, eta Ardantzako familien baimena jasota, Ardantzako zelaietatik igoko dira Santa Klarara".

Lehen aldaketak bi distantziei eragiten die; bigarrenak, aldiz, proba luzeari bakarrik. Izan ere, Zumaiarako itzulera hartzen dutenean aurkituko dute korrikalariek bigarren aldaketa hori: "Itzuleran, Arantza baserri inguruan, bidea zabaldu dute pinuditik barrena. Aldapa ederra sartzen da hor, eta itzulera hori egiteko aukera desberdina eta polita eskaintzen du”.

Herrira bueltan, bi lasterketek bide desberdinak hartuko dituztela ere argitu du del Pilarrek: "Biek hasiera berdina izango dute, baina lasterketa motza hasierako ibilbidetik itzuliko da, Elorrixan buelta eman ondoren. Luzekoak, aldiz, Algorrira jaisten den itsasertzeko bidetik egingo dute. Horrela, bi lasterketak banatuz".

Aldaketa hauek egiteko korrikalari beraien iritzietan oinarritu direla ere azaldu du: "Trail lasterketa baterako askoz egokiago iruditzen zaigu ibilbidearen aldaketa. Gainera, aurreko urteetan korrikalariei egindako galdeketan jaso izan ditugu iradokizunei erantzuna ematen diegu. Hoberako izango delakoan gaude, eta ea dena ondo joaten den!".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide