Elena Irureta: "Askori eman diote Zinemira saria, eta orain ni ere horien artean nago"

Juan Luis Romatet 2024ko ira. 19a, 09:47

Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiaren zuzendaria eta Elena Irureta aktorea. (Pablo Gomez/SSIFF)

Zinemira saria emango dio Donostiako Zinemaldiak Elena Irureta aktore zumaiarrari. Irailaren 24an Viktoria Eugenia antzokian egingo den Euskal Zinemaren Galan jasoko du aitortza.

Donostiako Zinemaldiak aurten emango dion sariaren berri izan eta berehala, elkarrizketak ematen aritu da Elena Irureta (Zumaia, 1955). «Egun hauetan behin eta berriz ari naiz kontatzen nire bizitza, denei kontu berdinak kontatzen. Ez daukat besterik!», dio barre artean aktore zumaiarrak.

Zinemira saria jasoko duzu Donostiako Zinemaldian. Espero al zenuen halako sari bat jasotzerik? 

Bai zera! Nik ez du inoiz halakorik espero. Jose Luis Rebordinosek [Zinemaldiko zuzendaria] deitu zidan, eta pentsatu nuen zerbaitetarako beharko nindutela, aurkezpen bat egiteko edo sariren bat emateko, noiz edo noiz egin izan dudalako halakorik. Esan zidanean aurten Zinemira saria eman nahi zidatela, «zer?» izan zen nire erreakzioa. Momentuan kristoren ilusioa egin zidan. Ez nuen inoiz pentsatu halako sari bat emango zidatenik. Askori eman diote aurrez Zinemira saria; orain, ni ere horien artean nago, eta poz handia eman dit nirekin oroitu izanak.  

Halako sariak baliagarriak izaten dira ibilbidearen atzera begirakoa egiteko. 

Nik ez dut inoiz begiratzen ea zer egin dudan. Esan didate 60 bat film egin ditudala, eta horietako askoz ia ez naiz akordatzen; batzuez bai, baina beste batzuez ez. Hainbeste urte izan dira; lan txikiak egin ditut, batzuk luzeagoak... Ez dut inoiz atzera begiratzen, baina esan didatenean hainbeste lan direla... Bada, hala izango da.  

Zenbat gauza egin ditudan urte hauetan... Batzuetan telebista jarri, eta ETB3 edo ETB4 katean ikusi izan ditut duela 30 urte egindako bakarrizketak. Barre egiten dut, baina, ai ama! Aurpegi gogorra behar da halako gauzak egiteko. Orain ez naiz gorritzen, baina egin eta gutxira ikusten nituenean, orduan, bai, lotsa ematen zidan. Orain ere hala gertatzen zait: estreinatu arte estualdi hori izaten dut, ikusi arte ez dakizu-eta zer egin duzun. Gainera, jendearekin batera ikusi behar duzu, eta horrek larrialdia sortzen dit.  

Azken bizpahiru urte hauetan ez zara geldirik egon. Filmak direla, telesailak direla, lan ugari izan duzu.  

Hala da. Aurtengo urtea lasaiago hartu dut. Uda ederra pasatu dut, eta datorren urte hasierara arte ez dut lanik egingo. Kontu txiki batzuk baditut, baina bi film dauzkat esku artean, eta biak datorren urte hasieran grabatuko ditut. Proiektu politak dira biak, baina ezin dut ezer aurreratu.  

Zer eskatzen diozu proiektu bati onartzeko? 

Pertsonaia nire gustukoa izatea eta zerbait kontatu ahal izatea. Buru eta hankarik gabeko pertsonaien proiektu bat edo beste heldu izan zait, gutxi, zorionez, eta ez nituen onartu ez zutelako nondik heldu. Batzuetan, pertsonaia hori aurretik interpretatu duzu, eta ez duzu gogorik berriro gauza bera egiteko; ez dizu ilusiorik egiten. Beste batzuetan, berriz, lana delako eta behar duzulako onartzen duzu proiektua; egin egin dezakezu, baina ez duzu gustura egingo. Egin izan ditut halakoak, bai. Asko, gainera. 

Antzezpenarena bezalako mundu aldakorrean, agian, ez da hain erraza izango proiektu batzuei ezetz esatea, gehiago etorriko ez diren beldurrez.  

Inoiz ez dakizu hori, eta beti hala bizi izan naiz: gaur bai, baina hemendik bi hilabetera ikusiko dugu zertaz bizi behar dudan edo zer egin beharko dudan. Horrek ez nau asko larritu, beti pentsatu izan dut-eta beste zerbait egingo dudala, aurrera egingo dudala.  

Euskal Telebistak errepikatzen dituen aspaldiko saioetan agertzen zara, baina egungo saioetan apenas. 

Go!azen eta halako saioak egiten dituzte, baina fikziozkorik ez. Komediak-eta ez dituzte egiten, eta horrek pena handia ematen dit. Ez nigatik, baina zenbat jende dago antzerkigintza ikasi eta estreinatu ez dena? Zenbat aktorek ikasi dute ofizioa Donostian, Bilbon, Madrilen, eta ez daukate aukerarik ezer egiteko? Euskal Telebistak ez du ezer egiten. Ez dut ikusi ere egiten. Sukaldeko programetarako-eta bakarrik deitzen didate, aurpegi ezagun samarra behar dutelako. Galdetzen didatenean ea joango naizen, ezezkoa esaten diet, ez delako nire lana eta ilusiorik ere ez didalako egiten. Oso jatorrak dira guztiak, baina proposatzen didaten moduan, badirudi niri mesede bat egiten ari direla. Nik ez dut elkarrizketarik eman nahi; ez telebistan, ez inon. Orain, saria jasoko dudanez, noski eman behar ditudala, baina bestela, egunerokoan, ez dut nire buruaz hitz egiteko gogorik. Jendeak nitaz zenbat eta gutxiago jakin, orduan eta hobeto.  

Euskal zinemak 1990eko hamarkadan izan zuen olatuaren parte izan zinen. Juanma Bajo Ulloarekin (La madre muerta, 1993) egin zenuen lan, Julio Medemekin (La ardilla roja, 1993) ere bai. Nola ikusten duzu azken urteotan Euskal Herriko zinemagintzak hartu duen indarra? 

Egingo dudan hurrengo filma euskarazkoa da, eta sekulako poza ematen dit hemen lan egiteak, hemengo hizkuntzan. Gainera, oso proiektu polita da, eta ilusio handia egiten dit. Euskal Herrian gauzak egiten dira, baina euskaldun jendeak gutxi. Bilbon-eta grabaketa asko egiten ari dira, finantziazio aldetik laguntzak ematen dituztelako, baina Madrilgo jendearen proiektuak dira. Agian, hemengo aktoreak eta taldeak erabiliko dituzte, baina ez dira hemen sortutako proiektuak. Hemen gauzak egiten dira, baina ez hainbeste.  

Ibilbide osoari ematen zaion saria da Zinemira. Gaizki pentsatuta, irudika daiteke erretiroa hartu duen pertsona bati ematen zaion saria dela. Ez da zure kasua, ezta? 

Sariak ez zaizkit axola. Niri ilusio handia egin zidan Telmori [Irureta, Elenaren iloba] eman ziotenean. Banekien berari zer ilusio eta zer bultzada emango zion. Esan bezala, Rebordinosek deitu zidanean, ilusioa egin zidan, baina sari bat jasotzeak ez dizu ezer aldatzen.  

Nik kristoren zortea daukat, aurrera begira proiektuak ditudalako eta oso proiektu politak direlako, gainera. Poza ematen dit hemen lan egiteak eta nirekin kontatzeak, baina ez dakit zenbat iraungo duen horrek. Lasai hartzen dut kontua. Erretiroa hartuta daukat, eta Zumaian ederki bizi naiz.  

Pentsatu al duzu zer esango duzun saria jasotzerakoan? 

Oso hitzartze motza egingo dut. Beti iruditu izan zait sarituak pasatu egiten direla. Eskerrak emango ditut nirekin oroitu direlako halako sari bat ematerakoan, eta kitto! Oraindik ez dut pentsatu zer esango dudan, baina motz ariko naizela, hori seguru. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide