'Bitelchus Bitelchus' eta 'Koati' filmak emango dituzte asteburuan Aita Mari aretoan

Juan Luis Romatet 2024ko ira. 27a, 09:00

Tim Burtonek 1980ko hamarkadan egin zuen film fantastikoaren jarraipena da lehena, eta animaziozko film bat bigarrena. 

Bi film emango dituzte asteburu honetan Aita Mari zinema aretoan. Bitelchus Bitelchus ostiraletik astelehenera bitartean, eta Koati igande arratsaldean. 

Tim Burton zinemagilea ezagun egin zuen 1988. urteko Bitelchus filmaren jarraipena da Zumaian asteburu honetan emango duen Bitelchus Bitelchus. Veneziako (Italia) zinema jaialdian aurkeztu berria, lehenengo lan hartan agertzen diren aktore ugari dira protagonista bigarren film honetan ere: Michael Keaton, Winona Ryder edo Catherine O'Hara, esaterako. 

Sinopsia

Ezusteko familia-tragedia baten ondoren, Deetz familiako hiru belaunaldi Winter Riverrera itzuliko dira. Lydiaren bizitza, oraindik Bitelchusek oinazetua, irauli egiten da bere alaba nerabe errebeldeak, Astridek, hiriaren maketa misteriotsua ganbaran aurkitu eta Haraindiko ataria ustekabean irekitzen denean. Bi erresumetan datozen arazoekin, denbora kontua da norbaitek Bitelchusen izena hiru aldiz esatea eta deabru bihurria bere kaosa uxatzeko itzultzea.

Filma ostiralean, larunbatean, igandean eta astelehenean emango dute Aita Marin, 19:30etik aurrera.

Igandean, berriz, irailaren 29an, Koati animaziozko filma emango dute Zumaiako zinema aretoan, 17:00etan. Hona hemen filmaren trailerra.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide