Basoko txori txikientzako habiak jarri eta mantentzen ikasteko tailerra antolatu du Geoparkeak

Maria Maya Manterola 2024ko ira. 20a, 10:00

Garrapoa. (Euskal Kostaldeko Geoparkea)

Gonzalo Torre biologo zumaiarrak emango ditu habiak jartzen laguntzeko azalpenak. Doakoa da tailerra, baina aurrez izena eman behar da, Debako Turismo Bulegoan.

Basoko txoriak ezagutu, eta animalia horiei habia jartzen laguntzeko tailerra antolatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak hilaren amaierarako. Hain zuzen, hilaren 28an egingo dute saioa, Lasturren, eta txori habia jartzeko lekurik egokiena zein den, nola eskegi, mantenua eta garbiketa irakatsiko dituzte bertan. 

Frontoiaren ondoko zelaian egingo dute, 10:00etan hasita. Gonzalo Torre biologo zumaiarrak hegaztiei laguntzeko moduak azalduko ditu bertan. Ordu eta erdi inguruko tailerra da, doakoa, eta habi kutxa bat eramango dute parte hartzaileek etxera, nahi duten tokian jartzeko. 

Debako Turismo Bulegoan aurrez aurre edo 943-19 24 52 telefono zenbakira deituta eman daiteke izena. Astelehenetik larunbatera 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara dago zabalik bulegoa, eta igandetan, goizez bakarrik. 

Txori txikiak, beharrezko

Txori txikiak ezinbestekoak dira basoan, baratzak eta fruta sailak osasuntsu mantentzeko. Bikote batek eta beren txitak denboraldi bakoitzean 25 kilogramo intsektu baino gehiago kontsumitu ditzakete. Leku askotan, halere, txikiak dira basoak, eta habiak egiteko lekuak falta dituzte. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide