Mikel Arrasate eta Paula Del Pozo izan dira bizkorrenak Zumaiako Triatloian

Maria Maya Manterola 2024ko ira. 21a, 20:12

Gizonezkoetan Joanes Goitisolo eta Gonzalo Ruiz izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren; emakumezkoetan, Malen Arrieta eta Eneritz Urrutia. Zumaiarren artean, Joseba Amilibia eta Ainhoa Urteaga izan dira bizkorrenak.

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.

Lainopean baina ateri jokatu dute ia 300 triatletek Zumaiako Triatloia. Federatuen sprint proba soilik jokatu da aurtengoan, baina zaleek eta kirolarien ingurukoek ez dute hutsik egin, eta jende ugari elkartu da Arbustaingo arranpla inguruan, moilan nahiz Gernika parkean. 

 
17:15ean ekin diote gizonezkoek, eta hamar minutu beranduago emakumezkoek. Mikel Arrasate izan da bizkorrena; Amandarri Triatloi Klubeko kideak 53 minutu eta 42 segundo besterik ez ditu behar izan lanak amaitzeko. Haren atzetik helmugaratu da Joanes Goitisolo gernikarra, markagailua 54 minutu eta bost segundora zela, eta hirugarren egin du Gonzalo Ruiz errioxarrak, 54 minutu eta 49 segundoan helmugaratuta. Emakumezkoen artean, Paula Del Pozo izan da txapelduna, ordubete, minutu bat eta hamar segundora helmuga zeharkatuta. Bigarren egin du Malen Arrietak ordubete, minutu bat eta lau segundoan lanak amaituta, eta haren klub bereko Eneritz Urrutia izan da hirugarren, ordubete, bost minutu eta 44 segundoan helmugaratuta. Zumaiako Triatloia ez ezik, Gipuzkoako eta Euskadiko txapeldunak izan dira. Zumaiarren artean, bizkorrenak Joseba Amilibia eta Ainhoa Urteaga izan dira.
 
Zirkuitua herrian zehar
 
Igeriketa proban, 750 metro egin dituzte: Arbustaingo arranplatik abiatu, errioan behera egin eta buelta eman dute Aita Mari jatetxe parean, eta ibaian gora eginda Gernika parkeko eskaileretatik atera dira. Bizikletan, Gernika parketik abiatu, eta saihesbidetik Kantera gaineko biribilgunera heldu dira. Han Oikiarako bidea hartu dute eta behin Muniosorora helduta, Aizarnazabalera heldu dira. Han buelta eman eta Zumaiarako bidea hartu dute errepide beretik. Guztira, 20 kilometroko ibilbidea. Korrika, berriz, bost kilometro egin dituzte. Gernika parkea Julio Beobide ibiltokia eta Itsas kiroldegi arteko zirkuitu urbano batean korritu dute triatloiko azken proba.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide