Saririk gabeko hasiera izan du Pulpok Tolosaren aurka

Gorka Zabaleta 2024ko ira. 22a, 10:09

Pulpoko Mikel Martinezen gola, baloia Tolosako atezain Haritz Mayorgaren gainetik loratuz. Argazkia: Gorka Zabaleta

Puntua gertu izan du Labarra Nikol Pulpok Lehen Nazional mailako estreinako jardunaldian, baina 30-31 galdu Tolosaren aurka.

Punturik poltsikoratu gabe ekin dio Pulpok Lehen Nazional mailako denboraldiari, baina erakutsi du badituela gaitasuna, grina eta determinazioa aurtengo erronkari itxaropentsu begiratzeko. Amorrua adierazten zuten jokalarien keinuek partida amaitu zenean, azken jokaldian partida berdintzeko aukera ez zutelako baliatu; jarraitzaileek ere penaz hartu zuten, jokalariek partida osoan egindako ahaleginak saririk ez zuelako eman. Baina taldeak eta jarraitzaileek, biek ala biek, badute harro egoteko motiborik, sailkapenaren goialdean lehiatzeko eginda dagoen Tolosak dena eman behar izan zuelako Lubakiko kantxan bi puntuak lortzeko.

Pulpok ondo ekin zion partidari, debutaren nerbioak gehiegi erakutsi gabe eta aurkariarekin nor baino nor gehiago aritzeko ausardiarekin. Hamargarren minutuan 5-4 ziren aurretik zumaiarrak, baina handik aurrera hasi ziren bidean zailtasun agertzen. Tolosak erritmo bizia ezartzen dio jokoari, intentsitate handia eskatzen dio aurkariari ia partida osoan defentsako lanean, eta horrek badu bere ordaina. Partidako 14. minutuan bi esklusio jaso zituen Pulpok, bata bestearen segidan, eta horixe baliatu zuen Tolosak markagailuan lehen pitzadura eragiteko: 6-9.

Baina Pulpoko jokalari hauek ez dira burua makurtzen dutenetakoak. Gauzak okertzen direnean, atezaina baino erremedio hoberik ez da izaten eskubaloian, eta atzokoan ere taldeak behar zuen heldulekua eskaini zuen Unax Santamariak lehen zatiaren azken txanpan. Pixkanaka, partida hasierako orekara eramateko gai izan zen Pulpo: 13na berdinduta atsedenaldira.

Bigarren zatiak bide beretik jarraitu zuen. Tolosa bere erritmo bizia ezarri nahian jokoari, Pulpo ahalegin itzelarekin erantzuten defentsan, eta inor ez amore emateko intentzioarekin. Amaitzeko ordu laurden faltan lortu zuen Tolosak hiru goleko aldea (20-23), eta horri eusten ahalegindu zen amaierara arte, baina Pulpok azken hitza esateko zuen artean. Eta lehia horretan ari zirela, iritsi zen denboraldiko lehen kapituluaren emaitza argitzeko unea: gerturatu zen Pulpo gol batera (30-31) eta, defentsan hortzak estututa eta harmailetatik zetorkien bultzadarekin, partida osoan borrokatutako puntua eskuratzeko aukera izan zuen, hamar bat segundoren faltan, Ander Ballesteros atezainak pasiboaren mugan zegoen tolosarren jaurtiketa gelditu eta zumaiarrek baloia berreskuratu zutenean; kontraerasoan, baina, ez zuten asmatu, eta min, neke eta amorru guztia gainera etorri zitzaien bozinak hura bukatu zela iragarri zuenean.

Hau hasi baino ez da egin, baina aurten eskubaloiaz gozatzeko eta sufritzeko aukera izango da Lubakin. Azken segundora arte. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide