Udazkenarekin batera, heldu da Itzurungo surf eta bodyboard txapelketa herrikoia. Ziske elkarteak azaldu du asteburu honetan jokatuko dela –oraindik ez dute zehaztu egun bakar batean edo bitan jokatuko duten–, eta jakinarazi du bihar goizetik aurrera eman ahal izango dela izena, Spot dendan. Ostiral eguerdia baino lehen inskribatu ahal izango da lehiaketan.
Bi modalitateetan, hainbat kategoriatan jokatuko da txapelketa, gazteenetatik hasita helduen mailetara arte, nesketan zein mutiletan. Aurtengoan, gainera, behar bereziak dituztenei ere eman nahi diete olatuen gainean dantzan ibiltzeko aukera, Surfestan egin bezala.