Ane Galarraga: "Euskal palanka ia ahaztuta dago, 1960ko hamarkadatik ia ez da jaurti"

Juan Luis Romatet 2024ko ira. 29a, 09:00

Argazkia: Juan Luis Romatet.

Prebentzioko teknikaria da Ane Galarraga Pinillos (Zumaia, 1982), eta oso kirolzalea: piraguismoan aritu da, atletismoan, halterofilian nahiz urpekaritzan; gaur-gaurkoz, euskal palanka jaurtiketan aritzen den pertsona bakarretakoa da. Iraileko Zumaia Gukako elkarrizketa webgunean irakur daiteke orain.

Noiz eta nola sartu zitzaizun kirolaren arra? 

Betidanik izan dut kirola ondoan. Aita atleta zen; anaia, berriz, piraguismoan hasi zen, eta ni atzetik joan nintzen. Piraguismoko saga bat ginen! Behin piragua utzita, aitak atletismoa probatzera bultzatu ninduen. Korrika ez nuen nahi; saltoetan ere, gaizki. Xabalina jaurtitzen hasi nintzen, eta disko-jaurtiketa ere probatu nuen.  

Halterofilia ere praktikatu duzula kontatu didazu. 

Atletismoan asko erabiltzen da entrenatzeko. Nire orduko entrenatzailea, Jose Luis Parro, halterofiliako entrenatzailea ere bada. Bi laguni esan zigun ea zergatik ez genuen halterofilia egiten, eta hala, Irungo beteranoen taldea aterako genuela. Baietz esan genion, eta bi urtez aritu nintzen txapelketetan. Espainiako masterrera ere joan nintzen. Baina bizkarrean lesio bat dut, eta orain ezin dut praktikatu.  

Urpekaritzan ere aritzen zara. 

Bai, txikitatik erakarri izan nau, eta praktikatzeko aukera eduki dut. Zumaian Olarrusub taldea sortu zuten, deitu egin zidaten, eta ordutik taldean sartuta ibili naiz. 24 urte ditu klubak, eta hasieratik nago han. Gehiago hartzen dut hobby bezala, kirol jarduera bezala baino. 

Nola hasi zinen barra edo euskal palanka jaurtitzen? 

Nirekin entrenatzen zutenek barra jaurtitzen zuten. Hernanin elkartzen dira urtero barra-jaurtiketa egiteko; beraiekin joan nintzen behin eta, ordutik, urtero joaten naiz.  

Zein da euskal palankaren jatorria? 

Meatzaritzan erabiltzen zuten lanerako. Bere garaian, XV. mendean-eta, palanka desberdinak zeuden, tamaina eta pisu ezberdinekoak. Palanka mota hau erabiltzen zuten harri-zulatzaileek egiten zituzten zuloak handitu edota garbitzeko. Meatzeen arteko apustuak egiten hasi ziren ea nork jaurtiko zuen palanka distantzia handiagora. Kirol arriskutsua da, palanka jaurti egiten delako eta kontrolatzea zaila delako.  

Euskal Herrian xabalina jaurtitzen duten bi lagun zeuden, Jose Iguaran eta Felix Erauskin. Bi lagun horiek xabalina palankaren teknikarekin bota zuten. Miguel de la Cuadra Salcedok ikusi zuen jaurtiketa mota hori, ikasi egin zuen, eta munduko marka ezarri zuen; ehun metro baino gehiagora bota zuen xabalina teknika horrekin. Oso famatua egin zen teknika hori mundu mailan, baina Espainiako eta nazioarteko federazioek debekatu egin zuten ikusi zutenean zeinen arriskutsua zen.   

Zein da gaur egungo egoera?

Ia ahaztuta dago; 1960eko hamarkadatik gaur egunera arte ia ez da jaurti. Atletismoko Euskal Federazioak ez du bere programaren barruan sartzen. Bi urtetan lortu genuen programazioan sartzea, baina borroka handia egin eta gero. Belaunaldien arteko erreleborik ere ez dago.  

Ez al dago berreskuratzeko aukerarik? 

Espainiako federazioak hartu zuen bere gain praktika hori xabalinarekin harremana zuelako eta herri kirolen federazioak ez zuelako ezer jakin nahi izan. Beste barra batzuk sartu dituzte herri kirol bezala; Aragoiko barra, esaterako.  

Eta ezin da herri kirol bezala praktikatu? 

Non egingo duzu? 56 edo 58 metrora jaurti daiteke, eta horretarako zabalgune handia behar duzu. Atzetik beste metro batzuk ere behar dira jaurtiketarako korrika egiteko.​​​​​​​ Bizkaitar batzuk aritu ziren gurekin praktikatzen, eta pila bat mugitu ziren: Euskadiko Federazioko programan sartu zuten, eta Madrilera ere joan ginen jaurtitzera. Baina txapelketarik ez dago, eta horregatik ez du jendea erakartzen. Aurten pentsatzen genuen jende gehiago etorriko zela, baina Gipuzkoan apenas dagoen jaurtitzailerik. Pena da. Hernanin esan ziguten guk joateari uzten diogunean praktika hori laga egin beharko dutela. Baina ondo legoke guk ikasitakoa beste norbaiti erakustea; bestela, desagertu egingo da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide