Plazerari buruzko ihes-gela zabaldu du Berdintasun Sailak

Maria Maya Manterola 2024ko ira. 26a, 12:00

Maite EgaƱa Berdintasun zinegotzia, Maider Sagredo Sorginlore Gizarte Ekintzako ordezkaria eta Karmele Gomez Berdintasun teknikaria, ihes-gelaren parean. (Zumaiako Udala)

Jarduera pedagogikoen bitartez, plazeraren inguruan gogoeta egitera gonbidatu nahi dituzte parte hartzaileak. 60 minutu izango dituzte galderak erantzun eta erronkak gainditu eta ihes-gelatik irtetea lortzeko.

Ihes-gela berezi bat prestatu dute hainbat eragileren artean Bonbillobekoa kaleko 6. zenbakiaren ondoan. Plazeraren inguruan gogoeta egitea xede, martxo amaierara bitarte izango da zabalik, asteazkenetik larunbatera.

Jarduera pedagogiko eta ludikoen bitartez nahi dituzte hausnarketara gonbidatu parte hartzaileak. Bi eta bost pertsona arteko taldetan erlojuaren aurka ariko dira, plazeraren aurkako galderak erantzun eta erronkak gainditzen. 60 minutu izango dituzte gelatik ateratzea lortzeko. 

Sorginlore Gizarte Elkarteak eta  Ikertze  Kultur elkarteak antolatu dute, eXperientziak elkartea eta Ana Orozko arte zuzendariarekin batera, Zumaiako Udalarekin elkarlanean eta eLankidetza: Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren  babesari esker.

Txanda hartzeko urriaren 2a baino lehen Gaztegunera jo beharko da (gazteek izango dute lehentasuna tarte horretan), edo bestela, webgunearen bitartez egin ahal izango da erreserba, urriaren 3tik aurrera. Asteazken, ostegun eta ostiraletan 16:30etik 18:00etara zabalduko dute, eta larunbatetan, 10:30etik 12:00etara.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide