Anuk oroitu dute beste urte batez dozenaka herritarrek

Intza Trula 2024ko ira. 27a, 10:30

Algorri gaineko labarretan zegoen aurreikusita omenaldia, baina eguraldi txarra zela medio Ardantzabiden egin zuten. Kalparsororen heriotzaren 31. urteurrenean haren memoria ekarri zuten gogora.

Dozenaka lagun elkartu da beste urte batez Xabier Kalparsoro Anuk zena oroitzeko. Izan ere, 31 urte bete ziren atzo Anuk Espainiako Polizia Nazionalaren Indautxuko (Bilbo, Bizkaia) egoitzan hil zela, eta urtero legez, omenaldi beroa egin zioten herritarrek. Hasiera batean Algorri gaineko labarretan jarri zuten hitzordua, baina eguraldi txarraren ondorioz Ardantzabiden lekualdatu behar izan zuten azkenean.

Bertsio ofizialak Anuk leiho batetik erori eta bi egunera zendu zela dioen arren, bertsio horrek galderez eta zalantzaz josita jarraitzen duela salatu zuten beste urte batez, baita egiarako bidea aldarrikatu ere.

Gainera, Kalparsororen gertukoek idatzi bat irakurtzeko baliatu zuten ekitaldia, haren memoria gogora ekarriz. "Eusko Jaurlaritzak berak Xabiren auzia gehiago ikertu behar dela esan zuen 2015ean. Baina, 9 urte igarota, ez dute ikerketan pausorik eman, ezta intentziorik jarri ere", zioten. Zera gehitu zuten: "Memoria eta bizikidetzaz ahoa betetzen zaie, baina zer memoria, zer elkarbizitza, eraikiko du egiaren zati bat ahanzturara kondenatu nahi duenak, herri honen zati bati bizkarra emanda bizi denak?". Beraien esanetan, Kalparsororen kasuak bizirik jarraitzen badu "oroimen kolektiboari esker" da. Halaber, "kasua argitu arte eta tokatzen zaienek ardurak hartzen dituzten arte" bide beretik jarraituko dutela azpimarratu zuten.

(Argazkiak: Maria Maya Manterola)

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide