Urriaren 4a da Zumaiako Udalak gizontasunaren inguruan antolatutako tailerrean izena emateko azken eguna. Gizonei zuzenduriko tailerrak dira, doakoak, eta parte hartu nahi dutenek mezua bidali beharko dute berdintasuna@zumaia.eus posta elektronikora.
Hiruki Larroxa kolektiboko Ibai Fresnedok gidatuko ditu saioak, eta tailerraren helburu nagusia da gaur egungo gizontasun ereduen inguruko gogoeta sakona bultzatzea, norberak gizontasun eredu nagusiaren inguruan eraiki duen identitateaz jabetzearekin batera. Indarkeria matxista eta sexu indarkeria, pribilegioak eta botere harremanak, sexualitatea eta desira, zaintza, gurasotasuna, eta gizontasun eredu askatzaileak izango dituzte hizpide, besteak beste. Halaber, diskurtso feministak eta emozioen kudeaketa aztertuko dituzte.