Pasa berri den asteburuan jokatu dute Itzurun hondartzan Ziske klubak antolatutako surf eta bodyboard txapelketa. Izandako Giro polita nabarmendu dute antolatzaileek.
Larunbata euritsu eta haize handiarekin esnatu zen, eta horrek eragina izan zuen itsasoan ere. 2,5 metroko olatuen gainean egin behar izan zuten parte hartzaileek dantza. Arratsaldean eguzkia nagusitu zen, eta itsasoa ere baretu zen. Igandean eguraldi ederrarekin jokatu zituzten finalak, baina, akaso, olatu txikiegiekin. Hala ere, Ziskeko antolatzaileek txapelketak iraun duen bi egunetan izandako giro polita nabarmendu dute.
Sailkapenei dagokionez, surfean, open mailan, irabazlea Josu Alcantara izan zen, bigarren Unax Grijalba, hirugarren Mikel Lizarralde eta laugarren Roberto Fuentes. Azken honek irabazi zuen master mailako txapelketa Aitor Valeroren, Unax Aizpuruaren eta Iñaki Osaren aurretik. 18 urtez azpikoetan, Telmo Azkue izan zen irabazle, Jon Suarez bigarren, Akox Gandarias hirugarren eta Alba Suarez laugarren. Emakumeetan, Carmela Peñalba izan zen irabazlea eta Alba Suarez bigarren.
Bodyboardean, berriz, open mailan Alex Odriozola gailendu zen, Andoni Izagaren, Xabi Urrestillaren eta Oier Basurkoren aurretik. Master mailan, Jon Lopez izan zen irabazlea, Andoni Izaga bigarren eta Jon Iñaki Alberdi hirugarren. 18 urtez azpikoetan, aldiz, Unax Pascual izan zen lehena, Markel Zendoiaren, Lua Eizmendiren eta Alex Erretegiren aurretik.
Longboard modalitatean, aldiz, Harry Watkins izan zen irabazlea eta bigarren sailkatu zen David de Julia.
Amaitzeko, abuztuko Surfestan egin bezala, behar bereziak dituzten pertsonei zuzendutako surf ikastaroak eskaini zituzten Zumaiako hondartzan igande arratsaldean.
Argazkiak: Ziske.