Telmo Lazkano: "Eskolak mugikorrik gabeko arnasgune bihurtu behar ditugu"

Arantxa Iraola/Berria 2024ko urr. 1a, 09:30

Haur eta nerabeen artean sakelako telefonoen erabilera mugatzeko neurrien eske Altxa Burua mugimenduan batuta dauden familiek ozendu egin dute berriz ahotsa. 8.000 sinadura baino gehiago batu dituzte beren aldarrien alde. Mugimendu horretako sustatzaileetako bat den Telmo Lazkano elkarrizketatu dute Berria egunkarian.

Telmo Lazkano (Zumaia, Gipuzkoa, 1994) usu mintzatu da urteotan sare sozialen eta sakelako telefonoen erabilerak haur eta nerabeen artean duen eragin gaiztoaz. Altxa Burua mugimenduko parte da: gailu horien erabilera mugatzeko eskatzen ari diren familiek eratu dute, halakoek adingabeei eskura jartzen dizkietelakoan haientzat egokiak ez diren aplikazio eta sare sozial asko. Agerraldia egin dute berriki elkarte moduan antolatu direla esateko. 8.000 sinadura inguru batu dituzte ja egiten dituzten aldarrien alde. Gipuzkoan eta Bizkaian daude antolatuen, eta eskari hainbat propio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari egin dizkiote. Proposatzen duten gogoeta, hala ere, gizarte osoak egin beharrekoa da: norberak familia giroan hasi, eta goi erakundeetarainokoa. Lazkanok uste du argi adierazi behar dela, hala ere, familia asko babesgabe daudela instituzioek arlo horri buruz erabaki irmoak hartzen ez badituzte. "Izan ere, auzia ez da ondo erabiltzea edo gaizki erabiltzea: hori iruzurra da. Hori egiten badugu, ardura osoa erabiltzaileengan jartzen da, eta hutsaldu egiten da produktu horien benetako izaera", abisu eman du. Izan ere, ez dira "neutroak". Eta gizartean zabaldu egin egin behar da mezu hori: "Egiaztatuta dago: ez dira produktu egokiak nerabezaroan garapen osasuntsu bat izateko".

Agerraldi bat egin berri duzue zuen asmoen berri emateko. Zein aldarritan jarri nahi duzue indarra?

Hiru helburuk batzen gaituzte, batik bat: mugikorra erabiltzen hasteko adina atzeratzea, heztea eta bidelagun izatea bidean, eta eskolak mugikorrik gabeko arnasgune izatea.

Eta zein dira eskari zehatzak helburu horien inguruan?

Eskolaren inguruan, araudi juridiko bat eskatzen diogu Hezkuntza Sailari, non jarriko duen eskolak mugikorrik gabeko arnasguneak direla. Bi kausa daude horretarako. Lehenengoa: hori ez da eskubide urraketa bat, baizik eta eskubide bat bermatzeko modu bat. Zer eskubide? Garapen kognitibo osasuntsu bat izateko eskubidea. Badakigu eskolak mugikorrik gabeko arnasgune bihurtzen direnean egoerak hobera egiten duela nabarmen, maila oso garrantzitsuetan: irakasleen jarduna errazten du, baita ikasleena ere, hartu-eman gehiago dituzte ikasleek beren artean, jarduera fisikoa hobetzen da, ziberjazarpena murrizten da, eta PISA txostenetan ere hobekuntzak ikusi dira.

Berria egunkarian irakurri daiteke elkarrizketa.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide