Geoaltxorraren bila izeneko lehiaketa abiatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak datorren igandean, hilaren 8an, egingo den Geodibertsitatearen Nazioarteko Eguna zabaltzeko asmoz. Urriaren 6tik 20ra bitartean egingo dute ekintza hau eta Geoaching izeneko programa baten bidez, Geoparkean dauden zortzi altxor geologiko bisitatzera gonbidatu nahi dituzte herritar zein bisitariak. Parte hartuko dutenek sariak jaso ahal izango dituztela ere gaineratu dute antolatzaileek.
Jokoak proposatzen dituen toki gehienetara oinez iristea erraza dela informatu dute antolatzaileek, baina esfortzu zertxobait handiagoa eskatzen duten beste bi ‘altxor’ ere proposatu dituzte; horiek sari potoloagoa izango dute.
Hala, urriaren 6an hasi eta 13ra arte, koordenada bat argitaratuko du Geoparkeak egunero Instagram, X eta Facebook sare sozialetan. Koordenada hori sakelakoan edo beste gailuren batean sartu eta puntu hartara joan beharko dute parte hartzaileek. Bertan, Geodibertsitatearen Nazioarteko Eguna esaldiarekin identifikatutako QR kodea aurkitu beharko dute. Kode hori erabiliz, leku horri buruzko fitxa zabaldu eta irakurri beharko dute. Fitxa haien amaieran agertuko den galdera bat erantzun beharko dute parte hartzaileek, baita Geoparkearekin harremanetan jartzeko jarraibideei kasu egin ere.
Parte hartzen dutenen artean sari batzuk zozkatuko dituzte:
- 1. kategoria (erantzun bat edo beste bidaltzen dutenen artean): Biodibertsitateari buruzko apunteak liburua.
- 2. kategoria (jokoaren sei erantzunak bidaltzen dutenen artean): Liburua + Geoparkeko bisita gidatua bi lagunentzat.
- 3. kategoria (6+2 erantzunak bidaltzen dutenen artean): Liburua + Geoparkeko bisita gidatua bi lagunentzat + tokiko produktuen GeoGourmet saskia.
Jokoa urriaren 20an emango dute bukatutzat, eta orduan emango dituzte irabazleen izenak.