Herriko surf eta bodyboard txapelketa jokatu zuten pasa den asteburuan Itzurun hondartzan. Lehiaketaren amaieran, igande arratsaldean, behar bereziak dituzten haur eta gaztetxoei zuzendutako surf ikastaroak egin zituzten hondartzan bertan. Bigarrengoz antolatu dute Caixabankek, Fundacion la Caixak eta Ziske surf elkarteak jarduera hau Zumaian, pasa den abuztuko Surfestan izandako erantzun onaren ondorioz.
Hamabi haur eta gaztetxok izan zuten surfean aritzeko aukera, beti ere Ziskeko kideek lagunduta. Caixabankeko arduradunek eskerrak eman nahi dizkiete Ziskeko lagunei, "bereziki Imanol Sesmari eta Julen Yereguiri proiektuari emandako bultzadagatik, eta Iñaki Osari bere berotasunagatik". Fundacion La Caixari ere eskerrak eman nahi dizkiote, "proiektu hau errealitate bihurtzeko emandako laguntzagatik".