Urriaren 7an hasi eta hiru astelehenetan jarraian jokatuko dute Durangoko Ezkurdi frontoian Jai Alai Ligako azken laukoa. Zesta punta denboraldiko zortzi puntista onenak arituko dira ligako txapelaren bila. Horien artean izango da Imanol Lopez puntista zumaiarra. Barandikarekin osatuko du Lopezek bikotea denboraldiari amaiera emango dion txapelketan.
Bi finalerdiz eta finalaz osatuko da azken laukoa. Hilaren 7an eta 14an jokatuko dituzte finalerdiak eta astebete beranduago, urriaren 21ean final handia. Lehen finalerdian Johan Sorozabal eta Gorka Sorozabal, Laduche eta Del Rioren aurka arituko dira; bigarrenean, berriz, Erkiaga eta Basque, Barandika eta Lopezen aurka. Bi partidetako irabazleak neurtuko dira txapelketako final handian.
Denek ere Durangoko frontoiaren berezitasunetara moldatu beharko dute beraien jokoa. Ezkurdi pilotalekuak 52 metro ditu, beste frontoi batzuk baino laburragoa da. Adituen arabera, horrek errematerako espazioa murrizten die aurrelariei eta atzelarien arteko botere-borroka ere berdindu egiten du.
Oraindik ere azken sarrerak eta bonoak eskuratzeko aukera dago www.eramanjaialai.com webgunean.
Ligaren balorazio positiboa
Ligaren aurtengo edizioaren balorazio ezin hobea egin dute haren antolatzaileek. Ligak iraun duen 11 hilabetetan profesional mailako ehun partida baino gehiago jokatu direla azaldu dute, hamar frontoietan banatuta, eta haietan 47 jokalari aritu direla ere gogoratu dute. Partida gehienetan harmaila bete izan direla goraipatu dute eta, zentzu horretan, ekainean Zumaian jokatu zuten Masters Seriesean publikoak izandako erantzuna nabarmendu dute, besteak beste.