Ateak itxi ditu Odriozola jantzi dendak 35 urteren ondoren

Maria Maya Manterola 2024ko urr. 5a, 14:00

Imanol Odriozola, Raquel Lete eta Amaia Zabala.

Erretiroagatik itxi dute Erribera kaleko arropa denda. Zumaiako nahiz herritik kanpoko bezeroek "penaz" jaso dute albistea, baina atseden hartzeko ordua dela azaldu dute arduradunek.

35 urteren ondoren, aste honetan itxi ditu ateak Erribera kaleko Odriozola jantzi dendak. Arduradunen erretiroagatik jaitsi ditu pertsianak.

Imanol Odriozolak azaldu du Erribera kaleko denda zabaldu aurretik ere arropa saltzen egiten zuela lan. Hiru bazkidek zabaldu zuten Patxita Etxezarretan kirol arropa saltzen zuen Kirol Sport 3 denda. Dena den, "gizonezkoentzako modan hutsune bat" bazela iruditzen zitzaion Odriozolari, eta hala erabaki zuten Odriozola zabaltzea. Elgoibarren ere beste negozio bat jarri zuten martxan: "Plaza oso txikia zen hainbeste marka eta arropa saltzeko. Stock handia behar da saltzeko, denetarik eduki behar da, eta horregatik zabaldu genuen Elgoibarkoa". 

Hasiera "zaila" izan bazen ere, salmentetan egonkortasuna izan dutela aitortu du. Bezero finko asko eduki dituzte, bai zumaiarrak eta baita herritik kanpokoak ere. "Zarauzko, Getariako eta Zestoako bezeroak ere izan ditugu, eta baita, esaterako, udan eguna igarotzera datozen Goierrikoak ere", dio. Modaren arabera, gauza bat edo beste eskatu diete dendan azken urteotan: "Garaiz harrapatu beharra dago moda, herritara berandu iristen delako bestela ere". 

Gizonezkoentzako arropa saldu arren, apenas saldu die arropa gizonezkoei. Dendariak azaldu du emakumezkoak direla jantziak dendatik jaso, eta probatzeko, gizonezkoei etxera eramaten dietenak. 

Interneteko salmentak eta saltoki handiak ugaritu dira, baina "denentzako" dago tokia, dendariaren ustez: "Bertatik bertara erosi nahi duenik ere bada. Duela gutxi etorri zen bezero bat hiru egunean zuen ezkontza baterako jantziak erostera, Internetetik erositako arroparekin asmatu ez zuelako". Behar izanez gero, jantziak moldatu ere egiten dituzte bezeroen neurrira, eta moldaketa horiek egiteko zabaldu zuten aldameneko lokala. 

Atseden hartuko dute orain denda itxita. Aitortu dute bezeroek "penaz" jaso dutela berria, eta negozioa "ondo" zihoala, baina deskantsurako ordua dela. Urteotan guztiotan egindako harremanekin daude eskertuen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide