Ostiralean egingo dute osasun publikoaren aldeko hurrengo elkarretaratzea

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 8a, 13:00

Irailean egindako elkarretaratzeko irudia. (Maria Maya Manterola)

Zumaiako Osasun Publikoaren Aldeko plataformak deituta, ostiralean egingo dute elkarretaratzea anbulatorio aurrean, eguerdiko 12:00etan.

Zumaiako anbulatorioan bizi zuten egoera kezkagarria jakin zenetik hona osasun publikoaren aldeko defentsan ekintza ugari egin ditu Zuopa plataformak. Denbora honetan herriko osasun zentroko egoerak hobera egin duela onartzen duten arren, zerbitzua guztiz estalita ez dagoela azaldu dute eta, horregatik, beste elkarretaratze bat deitu dute datorren ostiralerako, hilaren 11rako. Eguerdiko 12:00etan bilduko dira anbulatorio aurrean eta ordu laurdeneko iraupena izango du. 

Zuoparen arabera, Zumaiako osasun zentroan egoerak hobera egin du azken hilabeteotan eta informatu du gaur egun bost mediku eta bi pediatra ari dira lanean. Hala ere, plataformako kideen arabera, "medikuen kopuruak gora egin duen arren, gure osasun-zentroan arreta egokia eta egonkorra ziurtatuko duen behin betiko konponbidetik urrun" jarraitzen du. "Pandemia hasi aurretik, Zumaiak sei mediku zituen, eta azken lanpostu hori bete gabe dago oraindik", adierazi dute. 

Pediatrei dagokionez, egoera egonkorragoa dela azaldu dute ohar bidez. "Hala ere, adi jarraitzen dugu, eta estaldura hori mantentzea eta gabeziak dituzten beste arlo batzuetan baliabideak indartzea eskatzen dugu".

Zarauzko Etengabeko Arreta Guneak (EAG) bizi duen egoerak sortzen die plataformako kideei kezka, "txanda askok medikurik gabe jarraitzen baitute, eta horrek arrisku larrian jartzen ditu zumaiarren osasuna eta bizitza".

Horren guztiaren aurrean mobilizatzen jarraitzeko beharra nabarmendu dute Zuopako kideek. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide