Txinan aste honetan jokatuko duten Super Cup txapelketan arituko da Irati Osa

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 9a, 15:30

Banakakoan arituko da Osa Txinako txapelketa honetan. (Utzitakoa)

Maratoi modalitateko bi probatan arituko da piraguista zumaiarra: etzi laburrean eta larunbatean luzean.

Txinako Hangzhou hirian jokatuko dute aste honetan piraguismoko Super Cup txapelketa. Bertan, nazioarte mailako izen garrantzitsuak arituko dira, eta horien artean da Irati Osa piraguista zumaiarra. 

Txapelketa honetan parte hartu ahal izateko mundu mailako piraguismo federazioa ematen duen gonbidapena jaso behar da. Horretarako, nazioarte mailako txapelketaren batean domina eskuratu behar izan dute parte hartzaileek. Irati Osaren kasuan, Munduko Kopan bi domina lortu zituen, eta Europako txapelketan urrezkoa. Hala, federazioaren gonbidapena jaso du Txinako txapelketan parte hartu ahal izateko.

Urriaren 8tik 14ra bitartean jokatuko da txapelketa hori. Osa gaurtik da Txinan eta bi probatan arituko da, biak ere maratoi modalitatean: ostiralean, hilaren 11n, distantzia laburreko proba jokatuko du, eta egun bat geroago, larunbatean, hilak 12, distantzia luzekoa. Biak ere banakakoak izango dira, K1ekoak.

Denboraldi bikaina

Itxas Gain klubeko kidea pozik da egindako denboraldiarekin. Aipatutako dominez gain, Sellako (Asturias, Espainia) nazioarteko jaitsiera ere irabazi du aurten, aipatu txapelketetan bezala, Arantza Toledo Gaztela-Mantxako (Espainia) piraguistarekin bikotea osatuta. Biak irailean Munduko maratoi txapelketan izan ziren, Kroazian, eta K2an seigarren egin zuten. Banakakoan bederatzigarren egin zuen zumaiarrak. "Txapelketa horretarako esperantza banuen, baina proba gogorrak izan ziren, eta gustura nago emaitzarekin", zioen Osak Txinara joan aurretik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide