Aurtengo Olagarro Eguneko argazki rallyak baditu saridunak. Duela hilabete, irailaren 14an, egindako Olagarro Egunaren inguruan antolatutako lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egin zuten atzo arratsaldez Alondegiko Oxford aretoan.
Guztira, 50 lagunek hartu dute parte Distira argazki elkarteak, udalarekin elkarlanean, antolatutako rallyaren hemezortzigarren edizioan, eta horietatik 48renak onartu zituzten antolatzaileek. Parte hartzaileen artean 21 zumaiarrak izan dira eta beste 27ak Hego Euskal Herriko hainbat herritatik etorritakoak. Aipatzekoa da 11 izan direla 16 urtetik beherako argazkilariak.
Ondorengo gaien inguruan atera behar izan zituzten lanak: kontroleko argazkia, Olagarro Eguna, hiru, soka, poza eta lerroak.
Epaimahaia Jose Luis Iraolak, Mikel Sotok eta Idoia Eletxigerrak osatu zuten eta haren arabera, aurtengo rallyan aurkeztutako bilduma onena Jose Luis Rodriguez Moranena izan da; 200 euroko balioa duten Gertu merkatarien elkarteko erosketa txartelak eta garaikurra jaso zituen Zallako (Bizkaia) bizilagunak. Bigarren saria, 150 eurokoa, txarteletan baita ere, Ivan Rodriguez Gomezentzako izan da; hirugarrengoa (120 eurokoa) Arbil Iciar Manterolaretzako eta zumaiar onenarena (100 eurokoa) Izaskun Gonzalez Gabarainentzako. Haurrek, berriz, hamar euroko balioa duten txartelak jaso zituzten.