Erretratua

Sonia Albarez: "Pintxoa eta kafea dira protagonistak gurean"

Mireia Galarza Bastida 2024ko urr. 12a, 09:00

Ilustrazioa: Ainhoa Caporossi | La veceria.

Narrondo tabernara sartu eta barrara begiratuta, ia-ia ez dira atzean ikusten tabernako zerbitzariak, tartean Sonia Albarez. Egunero-egunero 06:00etako irekitzen du taberna, eta 30 urtez bertan lanean arituta, dagoeneko tabernako bezero askoren laguna ere bada. Lanean "gustura" aritzen dela kontatu du.

Aurten beteko ditu 50 urte Sonia Albarezek (Zumaia, 1974), eta bizitza erdia baino gehiago darama dagoeneko, 30 urte zehazki, Narrondo auzoko taberna kudeatzen. Ederki nabari da hori, taberna kanpoan elkarrizketa egin bitartean barrura sartu diren guztiei egin baitie kasu Albarezek. Oraintxe amaitu diren San Kristobal jai batzuetan ireki zuen negozioa bere senarrak, "auzoari bizitza pixka bat emateko eta zegoen hutsunea betetzeko helburuarekin", urte askoan itxita egon ostean. "Senarrak-eta festetan bakarrik jartzen zuten taberna, baina egun horietarako bakarrik, beste hainbat auzotan egiten duten bezala".

Ireki zutenerako urte asko zeramatzan itxita negozioak, eta Albarezek ez ezagutu arren, kontatu du gaur egun dagoen lokalaren aldamenean zegoela taberna garai batean. Gaur egun taberna dagoen lekuan, berriz, jangela omen zegoen. Artean ikasketak amaitu berria zen Albarez, eta 19 urte exkaxekin murgildu zen bete-betean ostalaritza munduan. Senarraren ideia izan bazen ere, berak tailerrean jarraitu zuen lanean, eta Albarezek eta bere amak hartu zuten negozioaren ardura. "Nik ez neukan taberna munduari buruzko inongo ezagutzarik, pixkanaka-pixkanaka hasi ginen", adierazi du.

Lehen eta orain

Irekierako lehen egun hura ere gogoratu du Albarezek. Bere hitzetan, auzotar asko gerturatu ziren irekiera egunean tabernara, eta "babes handia" sentitu zuten. "Oso eskertuta sentitu ginen, bai hasieran eta baita orain ere, jende asko etortzen baita", dio. Dena dela, jendeak irudikatzen duen ohiko tabernarekin alderatuta, beraiena "bestelakoa" dela eman du aditzera tabernariak. "Gurea errepideko paseko taberna bat da, kafeak eta pintxoak dira protagonista eztabaidaezinak. Pentsa, garai bateko tabernari jendeak tropezón deitzen omen zion, bide bazterrean geratzen delako eta bezeroak azkar sartu eta azkar irteten direlako", gehitu du Albarezek.

Horregatik, lan gehien goizean zehar egiten dutela azpimarratu du narrondoarrak. "Presaka bizi gara, eta jendeak pazientzia badu ere, azkar jaso nahi du eskatutakoa". Bazkariei dagokionez ere gauza bera gertatzen dela dio Albarezek. Izan ere, bazkariak lehen "sakratuak" izaten omen ziren langileentzat, eta patxadaz hartzen zituzten; gaur egun, berriz, "hori ere korrika eta presaka" egiten dutela azaldu du Narrondokoak. "Pare bat pintxo, kafe bat, eta aurrera". Bestalde, inguruko enpresen eskari asko ere  jasotzen omen dituzte. 

Jatekoa ez ezik, edatekoa ere izan du hizpide Albarezek. Azaldu du lehen bezeroek "alkohol gehiago" kontsumitzen zutela, eta orain "asko jaitsi" dela produktu horien kontsumoa. "Garai batean, ohitura zen goizeko 06:00etan pattar pixka bat edatekoa, baina gaur egun herritarrek askoz ere kontzientzia gehiago dute gai horren inguruan, badakitelako gero errepidean jarraitu beharko dutela", gehitu du. 

Lan hori guztia aurrera ateratzeko goizean goiz esnatzen da Albarez. Tabernara 05:30ean iristen da, eta orduan hasten dira pintxoak egiten, baita opil gozoak ere. Azken horiek erretzen dituzte lehenengo, eta 06:00ak aldera hasten dira pintxoekin, eta bukatu ahala ateratzen dituzte barrara gehiago. Egiten dituzten pintxo kopurua "sekretua" dela adierazi du, baina "asko-asko-asko" egiten dituztela esatera ausartu da Albarez, mota guztietakoak, gainera: patata tortilla, urdaiazpiko tortilla, txorizo egosiak, mingaina, txerri belarriak... Azken horiek jatera jende asko joaten dela eman du aditzera tabernariak, "oso leku gutxitan" zerbitzatzen dituztelako. 

Ez ditu bakarrik egiten zeregin horiek, hiru pertsona aritzen baitira taberna gobernatzen, bi goizean eta bestea arratsaldean. Tabernara aurrenekoa iristen denean, sukaldea puntuan jartzeaz arduratzen da, eta ogiak erretzeaz gain, lehen pintxoak prestatzen ditu. Segidan iristen da sukaldaria, eta orduan hasten dira pintxo guztiak prestatzen. Goizekoek bazkalordu aldera amaitzen dute laneguna, eta arratsaldekoak afalorduan ixten du taberna. Horrela, egunero, igandeak kenduta. Larunbatetan, berriz, eguerdian ixten dute taberna. Horren arrazoia garbi azaldu du Albarezek: "Inguruko enpresetako langileak, baserritarrak eta errepidean lan egiten duten langileak etortzen dira gehienbat, eta horregatik, egun eta ordu horietan izaten dugu lan gehiena. Zortea dugu, jaiegunetan eta igandeetan itxi egiten dugulako". 

Tabernako familia

Tabernakoa lan fisikoa da, eta hori badaki Albarezek. Haren esanetan, "gorputzak ez du barkatzen", baina bera gustura sentitzen da lanean, batez ere, jendearen babes handia jasotzen dutelako eta "beti saltsa" dagoelako. "Jendea ezagutzen duzu egunero beraiekin hitz egiten duzunean; taberna hau beraiena da", adierazi du. Horrekin lotuta, pasadizo bitxi bat ere kontatu du tabernariak: "Behin argia joan zitzaigun, eta argiketari batzuk etorri ziren. Egoera ikusita, lagundu egin ziguten, eta ordaindu egin nahi izan nienean, ezetz esan zidaten, pintxoa eta kafearekin konforme geratzen zirela!". Orokorrean, "oso ondo zainduak" sentitzen direla azpimarratu nahi izan du Albarezek. 

Pasadizo txarrei buruz galdetuta, Albarezek adierazi du "oso-oso gutxi" bizi izan dituztela, eta horietatik pandemia bakarrik aipatu du. Zera gehitu du: "Gogoratzen dut bezeroek barrura sartzeko aukerarik ez zutenean taberna kanpoan jarri behar izan genuela barra, eta hortik zerbitzatu pintxoak. Gogorra izan zen, baina pasatu genuen hori ere".

Etorkizunari begira jartzeko beta askorik ez du hartu narrondoarrak, baina horri buruz pentsatu izan duela aitortu du. Hiru seme-alaben ama da, eta ez du uste horiek jarraipena emango diotenik tabernari. Izan ere, "bakoitza bere ikasketak ari da egiten edo jada amaituta dituzte", eta zaila ikusten du norabidez aldatzea. Momentuz, tabernariak nahiago du "ahal den bitartean ingurukoekin bizitzaz gozatu". "Ikusiko dugu etorkizunak zer ekartzen duen", esanez amaitu du hizketaldia.

• Adina: 49 urte.

• Ikasketak: oinarrizko ikasketak.

• Lanbidea: tabernaria.

• Tabernaria ez banintz… gozogintzarekin lotutako zerbait ikasiko nuke.

• Lanetik ateratzean gogoko dut… mendian ibiltzea asko gustatzen zait; asko gozatzen dut eremu horretan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide