Aurtengoa ez da izan Olagarro Eguneko argazki rallya irabazi duzun lehen aldia.
Ez, rally hau irabazteko zortea izan dut aurretik ere. Ez dakit bitan izan den, hirutan edo lautan, baina badira batzuk, bai. Herria bera ikusgarria da. Arraunlaria nintzenean etortzen nintzen Zumaiara, eta asko gustatzen zitzaidan herria. Gero, rallyak direla eta etorri izan naiz gehiagotan, eta Olagarro Eguna asko gustatzen zait.
Antolakuntzak jarritako gaiak errazak izan al dira lantzeko?
Uste dut denontzako moduko gaiak zirela, lantzeko errazak. Alde horretatik, arazorik ez dut izan. Agian zailena originala izatea da, ez izateko argazki denak berdinak; besteen lanekin alderatuta, norberarenak desberdinak izatea komeni da, botoak ematerakoan zure lana aintzat hartzeko.
Argazki rallyetan aritzen zara. Beste era bateko argazki lehiaketetan parte hartzeko ohiturarik ba al duzu?
Noizbait parte hartu izan dut lehiaketa horietan, eta ondo moldatu naiz. Baina formatu hori, etxera joan eta argazkiei ukituak ematen ibiltze hori, ez zait asko gustatzen. Denbora asko ere ez dut izaten. Nahiago ditut argazki rallyak: unean bertan ateratzen dituzu argazkiak, aurkezten dituzu eta ez duzu moldatzen aritu beharrik.
Presioa ere handiagoa izango da.
Hori ere bai, baina halakoak dira rallyak. Lehen orduetatik korrika ibili behar duzu: gai batzuk dituzu, kafetxo bat hartzen duzu eta gaiak prestatzen hasten zara.
Noiz ohartzen zara badituzula aurkezteko moduko argazkiak?
Iaz eta aurten nahiko azkar, nahiz eta gero azkena naizen lanak aurkezten. Normalean beti izaten naiz lanak aurkezten azkena. Argazkiak azkar ateratzen ditut, ikusten dut lehiaketara aurkezteko argazkiak baditudala, baina gero hobetzen saiatzen naiz.
Datorren urtean berriz Zumaian ikusiko zaitugu, beraz.
Ez dakit utziko didaten [kar-kar-kar]!