Osasungintza publikoaren aldeko kontzentrazioa egin dute gaur eguerdian Zumaiako Osasun Zentroaren aurrean. Ohi bezala, dozenaka lagunek erantzun diote Zuopa plataformak egindako deialdiari, eta ordu laurdenez bildu dira anbulatorioan bizi duten arazoari konponbidea eskatzeko.
Pasa den udaberrian ekintzak hasi zituztenetik jakitun dira egoerak onera egin duela osasun zerbitzu honetan. Plataformak iragarri duen bezala, gaur gaurkoz bost sendagile eta bi pediatra ditu Zumaiako anbulatorioak. Hala ere, beldur dira egoerak ez ote duen okerrera egingo urte amaierara bitartean, sendagileetako batek datorren azaroan erretiroa hartuko duelako. Horregatik, adi jarraituko dutela iragarri dute Zuopako kideek, eta ekintzekin jarratuko dutela ere esan diete bertaratutako herritarrei.
Hala, datozen elkarretaratzeak hilean behin izango direla jakinarazi dute. Azaroko kontzentrazioko data oraindik zehaztu gabe dutela ere esan dute.