San Juan egoitzako egoiliarrek herria trizikloan zeharkatzeko aukera izango dute BAE programari esker

Andoni Elduaien 2024ko urr. 12a, 09:52

Bergaran atzo aurkeztu zuten BAE programa. (Aldundia)

Zumaiako San Juan egoitzak Bizikletan Adinik Ez (BAE) programan parte hartuko du, eta horri esker, egoitzan bizi diren zenbait adineko herria trizikloan zeharkatzeko aukera izango dute BAE elkarteko boluntarioek gidatuta. 

Bizikletaz Adinik Ez (BAE) programan parte hartuko du Zumaiako  San Juan egoitzak. Bigarren urtez jarraian, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta BAE elkarteak hitzarmena sinatu dute lurraldeko adinekoen hemeretzi egoitzetako 160 egoiliarrek trizikloan ibilaldiak egiteko aukera izan dezaten. Ekimena Gipuzkoako hamalau udalerritan egingo dute, tartean Zumaian eta Azkoitian, eta hala, egoiliarrek beraien udalerrietako kaleak trizikloetan zeharkatzeko aukera izango dute, BAE Donostiako boluntarioek lagunduta. 

Joan den ostiralean aurkeztu zuten programaren edizio berria. Ekitaldian parte hartu zuten Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak, Patxi Alberdi BAE elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kideak eta beste hainbat boluntariok. Peña diputatuaren arabera, "onuragarria" da programa. "Gero eta pertsona gehiagok goza dezakete ibilaldi horietaz, bidaiarientzat ez ezik, gidari boluntarioentzat eta, oro har, herritarrentzat ere onuragarriak baitira", azaldu zuen.

Halaber, azpimarratu zuen halako proiektuek egoitzak komunitatearekin lotzeko "helburua indartu" egiten dutela. "Jarduera honek aisialdirako eta gozamenerako aukera ematen die adineko pertsonei, askotan ez baitute aire zabaleko jardueretan parte hartzeko aukerarik". Boluntarioen laguntza izango dute egoiliarrek bidaiak egiteko, eta haien lana eskertu zuen. Peñarentzat "Gipuzkoako gizartearen balio solidarioen adibide garbia" dira boluntarioak: "Gizartearekiko konpromisoa, belaunaldien arteko errespetua eta ingurunearekiko harremana islatzen dituzte. Mugikortasuna, zahartze aktiboa eta pertsonen ongizatea bultzatzen dute". 

Alberdik, bere aldetik, programaren jatorrira jo zuen, eta hark gogorarazi zuen 2012an Kopenhagen sortutako nazioarteko mugimendua dela Cycling Without Age. Egun, 50 herrialdetara dago zabalduta, baita Euskal Herrian ere. Hain justu, 2016an iritsi zen Gipuzkoara, Donostiako kultur hiriburutzaren testuinguruan. BAE elkarteak pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko lana egiten du egun, belaunaldien arteko lankidetza sustatuz eta hiri-mugikortasuna sustatuz. "Gure lana pertsonengan oinarritzen da, baita mugikortasun iraunkorrean, parte hartze aktiboan, gizarte kohesioan, jasangarritasunean eta konpromisoan ere", adierazi zuen Alberdik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide