Hispanitatearen Eguna da gaur, urriak 12. Urola Kostako Ernaik deituta, "estatu zapaltzaileen aurka egin" eta independentzia aldarrikatzeko manifestazioa egin dute dozenaka lagunek eguerdian Zarautzen. Lege Zaharren Enparantzan hasi dute bidea, eta Guardia Zibilaren kuartelean amaitu. Bertan, ozen oihukatu dute indar okupatzaileak Euskal Herritik kanpo nahi dituztela.
Manifestazioa ez ezik, egun osoko egitaraua antolatu du Urola Kostako Ernaik, Bat eginez eguna izenburupean: hain zuzen ere, Zumaian jarraituko dute egitarauarekin, Torreberri gaztetxean bazkaria egingo baitute 14:30ean. 18:00etan, berriz, kontzertuak hasiko dira: Pertz, Leherkaitz eta Hauek taldeak igoko dira gaztetxeko oholtza gainera. Halaber, gauerdian Huegun DJaren emanaldiarekin itxiko dute eguna.