Denboraldia "borobildu" du Irati Osak Txinan

Onintza Lete Arrieta 2024ko urr. 13a, 08:33

Irati Osa, Txinan, Super Cup txapelketan. (Utzitakoa)

Aurten lehenengo aldiz antolatu duten Super Cup txapelketan aritu da piraguista zumaiarra egunotan, eta "sentsazio onekin" aritu da bai maratoi luzean, bai motzean. Bosgarren eta seigarren bukatu ditu horiek, hurrenez hurren. Munduko onenekin aritu da kirolari gaztea, maila absolutuan. 

Maratoi motza eta maratoi luzea jokatu berri ditu Irati Osa piraguista zumaiarrak egunotan Txinan. Asteazkenean iritsi zen hara Super Cup txapelketa jokatzera, eta larunbatean azken lehia jokatuta, gaur, igandea, hartuko du bueltako hegazkina, bihar iristeko Zumaiara.

Maratoi motzean finalaurrekoetara iritsi zen; bi finalaurreko ziren, eta berean hirugarren egin zuen. Hurrengo egunean, ostiral arratsaldean, finalean, hamabost kirolari aritu ziren, eta Osak seigarren egin zuen. "Denbora osoan brontzeagatik borrokan joan naiz, eta sei segundogatik ez dut lortu hirugarren postu hori. Oso gustura nago egindakoarekin, domina esku-eskura eduki dudalako eta maila ona erakutsi dudalako", azaldu du.

Maratoi luzea atzo, larunbata, jokatu zuen, eta bosgarren izan zen. "Bezperan bezala, lehen biek ihes egin zuten, eta hirugarren postuaren bila aritu ginen ni eta beste hiru. Karrera osoa elkarrekin joan ginen, eta azkeneko sprintean jokatu zen guztia, maratoi motzean bezala. Hirugarren postutik lau segundora gelditu nintzen. Oso gustura nago lan honekin ere, sentsazio onak eduki ditut bi txapelketetan. Denboraldia borobildu nahi nuen Super Cup honekin, eta lortu dut helburua", esan du Osak.

Super Cup, lau modalitate batera

Lehenengo aldiz ospatu da Super Cup piraguismo txapelketa. Piraguismoko diziplina guztiak sartu dituzte, eta horretarako "sekulako instalazioak eta azpiegiturak" behar direla azpimarratu du zumaiarrak, eta Txina aukeratu dutela aurreneko txapelketa burutzeko. "Oso ondo antolatutako txapelketa" izan da: "Piraguismo maratoia, pista, slaloma eta kayak polo modalitateak elkarrekin egon gara, eta aurreneko aldia izan da lau modalitateak aste berean egiten direna".

Aurreneko edizioan parte hartu du Osak, beraz, eta "oso gustura" sentitu da. "Azken batean, nazioarteko dominak ditugun kirolariak elkartu gara, eta sekulako maila egon da txapelketan". Itxas-gainetik bera bakarrik joan da Txinara, nazioarteko federazioak gonbidatua. "Horretarako, nazioarteko txapelketetan dominak edukitzea ezinbestekoa da", azaldu du Osak. Aurten domina bat baino gehiago lortu du: Munduko Kopan zilarrezko eta brontzezko dominak ditu eta Europako Txapelketan urrea eta zilarra.

Ametsak betetzen

Denboraldia amaitu du eta "orain atseden hartzea" tokatuko zaio. "Entrenamenduetatik eta piraguatik pixka bat deskonektatuko dut orain, aurtengoa bereziki urte gogorra izan delako niretzat pertsonalki, eta indarrak atera ditudalako nire ametsak egi bihurtzeko. Lortu dut inoiz espero ez nuen tokian egotea eta nire ametsa betetzea: munduko piraguista onenak lehiatu gara hemen. Txikitan oso zaila ikusten nuen egun batean ni horra iristea, baina nire ametsak egi bihurtu dira, eta hor nago, borrokan, lehen ezinezkoa ikusten nuen pertsonekin, absolutuan gazteenetakoa izanda, maila ona ematen. Lanean jarraitu eta emaitza hobeak lortzeko gogoz nago".

Osak eskerrak eman nahi dizkie egunero entrenamenduetan berarekin dauden pertsonei, baita familiari ere. Lana ere gogoan izan du: "Irakaslea naiz herrian bertan, eta eskolaren eta ikasleen indarra sentitu dut eta oso eskertuta nago horregatik".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide