Abiatu dute Gipuzkoako banakako xake txapelketa. Azaroaren 23ra bitartean jokatuko dituzte txapelketako partidak. Zumaiako jokalariek Eibarren, Errenterian eta Azpeitian jokatuko dituzte partidak.
Zumaiako Kbi xake klubeko lau jokalarik eman dute izena txapelketan aritzeko: Oier Sarasketak maila gorenean, Antonio Martinek eta Julio Andradek bigarren mailan, eta Andony Harysek hirugarrengoan.
Helburu desberdinak dituzte Zumaiako jokalariek. Sarasketak Eibarren jokatuko ditu txapelketako partidak, eta iaz lortutako hirugarren postua hobetzea izango du helburua. Erronka zaila izango da jokalari gaztearentzako, lurraldeko jokalari onenen aurka borrokatu beharko duelako. Errenterian jokatuko dute Martinek eta Andradek, eta mailaz igotzea izango da haien helburua. Harysek, berriz, Azpeitian jokatuko ditu bere partidak, eta helburua esperientzia hartzen joatea izango du, lehen aldia du eta banakako txapelketan aritzen dela.
Pasa den larunbatean jokatutako lehen jardunaldian Sarasketak eta Martinek parra egin zuten beraien partidetan; Harysek galdu egin zuen, eta Andraderen partida atzeratu egin zuten aurkariak hala eskatuta.